Gizartea
UHOLDEAK
Bera, Lesaka eta Arano hondamendi eremu izendatzeko eskaria asteazkenean onartuko du Nafarroako Gobernuak
EITB MEDIA
Kalte material handiak eragin zituzten larunbat goizaldeko euri-jasek Beran, Lesakan eta Aranon. Inork ez zuen minik hartu. Gaur, kalte horiek zenbatzen hasteko eguna da, eta horretan ari dira aseguru-etxeetako perituak.
Larunbatean izandako uholdeen ondotik, Bera, Lesaka eta Arano bere onera etortzen ari dira. Kalte materialak handiak izan dira, eta dozenaka etxe, lokal eta denda hondatu zituzten euri-jasek. Luizien ondorioz, hainbat errepidetan ere arazoak izan ziren, handienak Na-4016 errepidean, Aranon.
Kalteak zenbatzen hasteko eguna da gaur, eta horretan ari dira aseguru-etxeetako perituak. Nafarroako Gobernuko zein udaletako teknikariak ere, kaltetutako guneak aztertzen eta txostenak egiten ari dira. Azken orduotan izandako batzarretan, kaltetutako udaletako ordezkariek eta Foru Gobernuak adostu dute inguru hori hondamendi eremu izendatzeko eskaria egitea Espainiako Gobernuari. Hala jakinarazi du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak, eta erantsi du asteazkeneko gobernu bileran onartuko dutela eskari hori egitea.
Aitor Elexpuru Berako alkateak larunbatean bertan iragarri zuen hondamendi eremu izendatzeko eskatuko dutela. Kalteak zenbatekoak izan diren zehazteko oraindik goiz den arren, "kalteak izugarriak" izan direla esan du gaur Elexpuruk, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Nafarroako Gobernuko ordezkariekin jada harremanetan jarri direla, eta horiek dirulaguntzak bideratzeko "jarrera ona" erakutsi dietela aurreratu du alkateak. Herritarrek azken egunotan auzolanean egindako lanagatik, berriz, eskertuta eta harro agertu da.
Berako Udalak prestatu duen koordinazio gunera etengabe ari dira bizilagunak hurbiltzen, kalteen berri ematera. Oraingoz, bi laguntza-lerro aurreikusten ditu Udalak. Batetik, Nafarroako Gobernuak zuzenean eman ditzakeenak, eta, bestetik, hondamendi eremu izendatuz gero, Madrildik iritsiko liratekeenak. Udal ordezkariak bilduta egon dira goizean, teknikariekin batera, laguntzok bideratzeko txostenak prestatzen.
Bestalde, Aranoko errepideei dagokienez, luiziek eragindako kalteak konpontzeko denbora eta diru asko beharko direla esan dute bertako agintariek. Herritarren joan-etorria bermatzeko behin-behineko pasabideak ahalbidetu badituzte ere, errepide nagusia konpontzeko hilabeteak beharko dira. Laguntza-eskaerak bideratzen ari dira horiek ere.
Azken urteotako eurite handienak izan ziren larunbatean Nafarroa iparraldean, Bera, Lesaka eta Arano inguruan bereziki. AEMETen hitzetan, "muturreko fenomenoa" izan zen inguru horretan botatako prezipitazio bortitza. Azken urteotako markak hautsi ziren pilatutako litro kopuruari dagokionez.