Gizartea
KRISI KLIMATIKOA
Berotegi efektuak eta 'El Niño' fenomenoak tenperatura 1,5 gradutik gora igotzea eragin dezakete
EITB Media
Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi duenez, % 66ko aukera dago hurrengo bost urteetan 1,5 graduko muga gainditzeko. Halaber, % 98ko probabilitatea omen dago hurrengo bost urteetako bat eta bost urteak bere osotasunean inoizko beroenak izateko.
-
Berotegi efektua eragiten duten gasak. Egile eskubiderik gabeko argazkia
Oso litekeena da datozen bost urteetan Lurraren tenperatura inoiz ikusi gabeko kopuruetara iristea eta 1,5 gradutik gorako tenperatura igoera izatea, Munduko Meteorologia Erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera. Izan ere, berotegi efektua eragiten duten gasen emisioari El Niño fenomenoa gehituko zaio.
Nazio Batuen erakunde horrek zabaldutako azken datuen arabera, % 66ko aukera dago hurrengo bost urteetan 1,5 graduko muga gainditzeko, eta % 98ko probabilitatea hurrengo bost urteetako bat eta bost urteak bere osotasunean inoizko beroenak izateko.
"Horrek ez du esan nahi Parisko Akordioan aurreikusitako 1,5 ºC-ko tenperatura igoera modu iraunkorrean gaindituko dugunik. Hala ere, Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du 1,5 graduko tenperatura igoera gero eta maizago gaindituko dugula", adierazi du Peteri Taalas Munduko Metereologia Erakundeko idazkari nagusiak.
Taalasek gaineratu duenez, giza jarduerak eragindako klima aldaketak eta El Niño fenomenoak eragingo dute Lurraren tenperatura aurrez ezagutu gabeko puntura iristea. "Horrek ondorioak izango ditu osasunean, elikagaien segurtasunean, uraren kudeaketan eta ingurumenean. Prest egon behar dugu", gehitu du.