Gizartea
Eraso matxista
Ertzaintza indarkeria matxista gisa ikertzen ari da Orion izandako emakume eta gizon baten heriotzak
EITB MEDIA
Josu Erkorekak 10:30etik aurrera emango ditu gertatutakoaren inguruko argibide gehiago. Lehen datuen arabera, gizonezkoak ustez eskopetarekin tiro egin zion 47 urteko bikotekide ohiari, Arrantzale kalean. Orioko Udalbatzak bilera egingo du gertatutakoa aztertzeko.
Ertzaintza indarkeria matxista kasu gisa ikertzen ari da atzo arratsaldean Orion (Gipuzkoa), kalean, gertatutako emakume baten hilketa eta gizon baten heriotza. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak 10:30etik aurrera emango du ikerketaren lehen datuen berri. Emakumeak 47 urte zituen eta bi seme-alabaren ama zen.
Gertakaria 17:20an gertatu zen, Arrantzale kaleko haurrentzako parke baten kanpoaldean. Inguruan zeuden bizilagunek deitu zuten larrialdi zerbitzuetara, eta Ertzaintzako agenteak bertaratu direnean, biktimen gorpuak aurkitu zituzten, jarleku baten ondoan; emakumearen gorpua bankuan zegoen, eta gizonarena, berriz, lurrean etzanda.
Hasiera batean hildakoetako batek zeraman pakete bat lehertu zela esan bazen ere, teoria hori erabat baztertu zen. Izan ere, segurtasun indarrek su-arma bat aurkitu zuten inguruan. Litekeena da gizonak eskopeta batekin emakumearen aurka tiro egin izana, eta, ondoren, bere buruaz beste egin izana.
Ertzaintzak gizonaren etxea eta autoa miatzen eman du gaua.
Erreakzioak
Basaurin (Bizkaia) egindako hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean, Iñigo Urkullu lehendakariak "pena eta tristura" adierazi zituen Orion izandako gertakariengatik. "Baieztatu dezakegu bi pertsona hil direla, balizko indarkeria matxista kasu baten ostean", adierazi zuen lehendakariak.
Bestalde, elkartasuna adierazi zien hildakoen senideei eta Orioko herritar guztiei.
Orioko Udalbatzak bilera egingo du goizean balizko indarkeria matxista kasua aztertzeko.