Gizartea
Abortua
Auzitegi Konstituzionalak 2010eko abortuaren legea babestu du, oso-osorik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Beraz, lege honek berretsi egiten du emakumeak haurdunaldiaren lehen 14 asteetan haurdunaldia modu askean eteteko duen eskubidea. Gainera, 22. astera arte ere onartzen du abortua, emakumearen bizitza edo osasuna arriskuan badago edo fetuan anomalia larriak baldin badaude.
-
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko irudia.
Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak behin betiko bermea eman dio 2010eko abortuaren legeari. Legeak emakumeak haurdunaldiaren lehen 14 asteetan haurdunaldia modu askean eteteko duen eskubidea berretsi du.
Auzitegiko iturrien arabera, Konstituzionalak atzera bota du, beraz, PPk Sexu eta Ugalketa Osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko Legearen aurka jarritako helegitea.
Hain zuzen ere, taldearen asmoa abortuaren lege berria bertan behera ustea zen, 1985eko arauan abortua onartzeko zehazten ziren hiru kasuak mantenduz: bortxaketa kasuan, 22 astera arte fetuaren malformazio arriskuen kasuan, eta mugarik gabe amaren osasun fisiko eta mentalerako arriskuaren kasuan
Horrenbestez, aipatutako lege organikoak emakumearen eskubide gisa ezarriko du abortua 14. astera arte. Era berean, 22. astera arte ere onartuko du abortua, emakumearen bizitza edo osasuna arriskuan badago edo fetuak anomalia larriak baditu.
"Behar historikoa"
Jose Luis Rodriguez Zapatero pozik agertu da bere agintaldian onartutako abortuaren legea bermatzeko erabakiarekin: "Gaur ospatu dezakegu emakumeek eskubide berri eta funtsezko bat dutela; hipokrisia betiko amaitu dela ospatu dezakegu".
PSOEk igorritako bideo batean, Espainiako Gobernuko presidente ohiak esan du legeak "behar historiko" bati erantzun ziola, eta bere alderdiak azken hamarkadetan eskubideen konkistan izan duen papera aldarrikatu du.
"Borroka feministari esker"
Era berean, Irene Monterok pozik hartu du Konstituzionalak abortuaren legea babestu izana, eta eskubide hori "borroka feministari esker eta PPren kaltetan" lortu dela azpimarratu du.
"Eskubide feministak demokraziaren oinarria dira, eskuinaren erresistentziak gorabehera", adierazi du Berdintasun ministroak sare sozialetan. Gainera, Monterok Alderdi Popularrak izandako jarrera kritikatu du, aurkeztutako helegitea une oro mantentzeagatik.