Itxi

Gizartea

Harrapaketa

18 pertsona zauritu dira Pontevedran, tartean adingabe bat larri, auto bat kontzertu batean ezustean sartuta

Agentziak | EITB MEdia

Gidariak autoaren kontrola galdu du, eta ibilgailuak kontzertua ikusten ari ziren hainbat pertsona harrapatu ditu 20 bat metro kontrolik gabe eginda.

0:43
Istripua eragin duen autoa. Argazkia: EFE.

18 pertsona zauritu dira bart Vilanova de Arousa (Pontevedra) udalerrian, auto bat kontzertu eremu batean sartu eta hainbat lagun harrapatuta.

Guztira, 11 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, tartean bi adin txikiko. Adingabeetako bat larri dago, abdomeneko odoljario larri baten ondorioz. Horrez gain, beste lau pertsona eraman behar izan dituzte ospitalera. 

Ezbeharra bart iluntzean jazo da, 23:25ean, San Miguel de Deiroko jaien harira antolatutako kontzertu batean. 

Guardia Zibilak jakinarazi duenez, 81 urteko gidariak autoaren kontrola galdu du, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Emakumeak negatibo eman du alkoholemia proban. 

Ibilgailuak hainbat pertsona harrapatu ditu, 20 bat metro kontrolik gabe eginda, eta kontzertuko karparen kontra amaitu du azkenean. 

Gonzalo Duran Vilanova de Arousako alkateak baieztatu duenez, "zorigaiztoko istripua" izan da, eta ukatu egin du nahita eragindakoa izan dela: "Bi aukera baino ez daude: hutsegite mekanikoa ala gidariaren nahastea. Ez diogu buelta gehiago eman behar, zorigaiztoko istripua izan da. Jende asko zegoen eta okerragoa izan zitekeen. Zorionez, karpa ez da behera etorri".