Gizartea
Sexu eta genero aniztasuna
Berdinduk 2.400 irakasleri aholkua eman zien eta 640 kontsulta jaso zituen iaz, bereizkeria eragozteko
EITB MEDIA
Informazioa, orientazioa eta ahokularitza eskaintzen die Berdinduk, dela LGTBI+ pertsonei eta horien familiei, dela Hezkuntza profesionalei.
-
Markina-Xemeingo eserleku bat. Argazkia: Itziar Alberdi
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Berdinduren Bilboko bulegoa bisitatu du gaur, astelehenenarekin, sexu eta genero aniztasunaren arreta zerbitzuak ezagutarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak abiatu duen estrategiaren baitan. Horrekin, bereizkeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokan hartutako konpromisoa berretsi nahi du Jaurlaritzak.
Bisitan, Melgosak bertatik bertara jaso du Berdinduk orain arte egindako lanaren berri. Hain zuzen ere, informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen die, dela LGTBI+ pertsonei eta horien familiei, dela Hezkuntza profesionalei.
"Gure lana beharrezkoa da LGTBI+ pertsonak eta horien familiak orientatzeko eta babesteko. Denetarik egiten dugu, lesbiana bikote bati ama izateko eman beharreko pausoak jakinaraztetik, gurasoek euren seme-alabekin lotutako zalantzak argitzeraino", azaldu du Bilboko bulegoko arduradun Sarai Montesek.
Hezkuntza arloan, Berdindu Eskolak egindako lana nabarmendu dute. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, sexu eta genero aniztasunarekin lotuta sortzen diren erronkei erantzuteko ekimen gisa sortu zen, eta irakasle, ikasle zein horien familiei laguntzea du helburu. Alegia, finean, hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bilatzen du, pertsona guztien errealitateak eta beharrak kontuan hartzen dituena.
Zentzu horretan, Berdinduren bulegoek 648 kontsulta jaso zituzten iaz (163 Araban, 265 Bizkaian eta 225 Gipuzkoan). Batez ere, emakumezkoei (% 54) eskaini zieten arreta, baina gizonezkoei (% 32) eta genero anitza duten pertsonei (% 3) ere lagundu zieten.
Kontsulta motari dagokionez, sexu edota genero identitatearekin lotutakoak izan ziren gehien (% 31), arreta juridikoarekin zerikusia zuten beste askok (% 24) eta hezkuntzarekin hamarretik bik (% 19).
Berdindu Eskolak, bestalde, 68 ikastetxetan aritu zen laguntzen, eta 2.413 irakasle orientatu zituen (2021ean baino % 16 gehiago).