Itxi

Gizartea

Sikatea

Nekazarien sindikatuek laguntzak eskatu dituzte Nafarroako lehorte "kezkagarriari" aurre egiteko

EITB Media

Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako datuen arabera, sikateak Erriberako eta Nafarroa Erdialdeko lehorteko laboreen 40.000 hektareari eragin die dagoeneko.

0:38
Lehortearen Mahaia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Nafarroan lehorteak ez du Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan ur faltak izan dituen ondorioekin zerikusirik, baina Foru Gobernua eta nekazari zein abeltzainak "kezkatuta" daude egoerarekin, zereal sailen uzta galdutzat eman baitute. Horri aurre egiteko, neurri ekonomikoak zein bestelako irtenbideak eskatu dituzte.

Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilariak eta nekazarien elkarte eta sindikatuek eman dute horren berri. Nafarroako Lehortearen Mahaia 10:30ean bildu da, Iruñean. Helburua zen egoera aztertu eta, horren arabera, ur eskasiari aurre egiteko neurriak hartzea. 

Bilerara heldu denean, Gomezek kazetariei azaldu die, apirilaren 4ko eta 17ko bileren ondotik, egoera hurbiletik jarraitu nahi zutela.

Idor daude Nafarroa erdialdeko eta Erriberako soroak. Azken sei hilabeteetan, euri gutxi egin du, sasoi honetan ohikoa dena baino % 40 gutxiago. Itziar Gomez kontseilariak emandako datuen arabera, sikateak Erriberako eta Nafarroa Erdialdeko lehorteko laboreen 40.000 hektareari eragin die dagoeneko. Gainerako eremuetan, labore eta larreen egoera "onargarria" da. Dena dela, gogorarazi du egoera "aldakorra" dela. 

Urtegiei dagokienez, azken 20 urteetako mailarik baxuenean daude, edukieraren erditik behera.

Joera ikusita, Intia Nekazaritza Elikagaien Teknologia Institutuak uzta aldatzeko aholkatu zien nekazariei: artoaren ordez, ekilorea landatzeko gomendatu zien.

Zure interesekoa izan daiteke: Hego Euskal Herrian bermatuta dago ur-hornidura, baina egoera kezkagarria da Nafarroa hegoaldean