Gizartea
San Fermin 2012
Dena prest dute Iruñean, sanferminetaz gozatzen hasteko
Erredakzioa
Nafarroako hiriburuak milioi bat bisitari inguru hartuko ditu aurten. Ekitaldien artean, nobedaderik handiena "Riau-Riau" delakoa egingo dutela da, 16 urteko etenaldiaren ondoren.
Osasun eta segurtasun taldeak, entzierroaren ibilbidea, ikuskizunetarako eta kontzertuetarako eremuak... dena prest dute dagoeneko Iruñean uztailaren 6ko eguerditik aurrera 204 orduko jai-giroari hasiera emateko.
Ostiral honetan, Udaletxeko erlojuak 12:00ak jotzean, Iñaki Cabases Nafarroa Baiko zinegotziak txupinazoa botako du. Hasiera ekitaldia ospetsua zuzenean ikusiko dute Udaletxeko Plazan bertan milaka pertsonak; eta beste askok, berriz, hiriburuko zenbait lekutan jarritako bost pantaila erraldoien bitartez jarraituko dute.
Krisiak ere bere lekua izango du aurtengo sanferminetan, aurrekontua 2,4 milioi eurokoa da, iazko sanferminetakoa baino % 8 baxuagoa. Hala ere, ilusioak eta festarako gogoak ez du "murrizketa"rik pairatu, eta iruñarrek zein bisitariek 431 ekitaldi izango dituzte jaiez disfrutatzeko.
"Riau-Riau" egingo dute
Aurtengo nobedaderik handiena, "Riau-Riau" ekitaldia izango da, hau da, udalbatzak San Ferminen kaperara egiten duen ibilaldia, uztailaren 6an, arratsaldean. Ekitaldiak 16 urteko etenaldia izan du haren inguruan hainbat istilu sortzen zirelako.
"Riau-Riau"arekin batera, beste 430 ekitaldi iragarri dituzte: 305 musikarekin lotuta daude, 77 haurrentzako eta familientzako ekitaldiekin, 33 zezen-ikuskizunak dira, zortzi herrikirolak eta beste horrenbeste ekitaldi instituzionalak dira.
Milioi bat bisitari
Entzierroko ibilbidean ere dena prest daukate. Egurrezko hezi bikoitza jarrita dago eta zezenek eta korrikalariek irrist egitea saihesteko produktua ere bota dute jada Santo Domingoko aldaparen bukaeratik Estafeta kaleko lehen metroetaraino.
Enrique Maya Iruñeko alkatearentzat bere aginteko bigarren sanferminak izango dira, eta azken orduen lasaitasunaz disfrutatzen ari dela adierazi du, urtero sanferminetara etortzen diren milioi bat bisitariei ongietorria emateko prest.