Itxi

Gizartea

Euskadi Ikerkuntza Saria 2022

Javier Aizpurua fisikariak irabazi du 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria

EITB Media

Fisikari donostiarra Fisika Zientzietan lizentziatua eta doktorea da, eta nazioarte mailako zenbait ikerketa zentrotan ibili da lanean. 2004an, Donostiara itzuli zen, eta geroztik dabil bertan.

  • Javier Aizpurua. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

    Javier Aizpurua. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Javier Aizpurua fisikariari emango diote 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Aizpurua Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) eta BERC (Basque Excellence Research Centre) Materials Physics Centerreko ikerlari eta irakaslea da, nanofotonika arloan.

27. edizioko irabazleak argiaren eta materiaren arteko elkarreragina aztertzen du nanoeskalan, plasmonikako efektu kuantikoei eta nanoantena metalikoen erantzun optikoari arreta berezia jarrita. Aizpuruak sortu dituen eredu teoriko eta kalkulu berritzaileek azaleko plasmoien kitzikadura ulertzen lagundu dute.

Ekarpen horiek eragin handia izan dute nazioartean atomo gutxi batzuen dimentsioetan lokalizatutako argiaren ikerketan, eta erreferentzia gisa balio izan dute mundu osoko ehunka ikerketa-talderentzat. Horri esker, Aizpuruak Highly Cited Researcher aitortza eskuratu du 2017-2020 aldian aldizkari espezialitatuetan egin diren aipamenak aztertzen dituen enpresaren txostenean.

Donostiarra Fisika Zientzietan lizentziatua da Zaragozako Unibertsitatean (1994) eta Fisika Zientzietan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (1998). Zenbait ikerketa taldetan parte hartu du, Suedian eta AEBn, baina 2004an bere jaioterrira itzuli zen Donostia International Physics Centerren lan egiteko. 2008an, Materialen Fisika Zentroan (UPV/EHU-CSIC) eta BERC Materials Physics Centerren zientzialari titular plaza lortu zuen, eta bertan ari da lanean gaur egun, irakasle eta ikertzaile gisa. Bertan lan egiten badu ere, nazioarte mailako ikerketa zentroekin elkarlanean jarraitzen du, Cambridge, Standford eta Frantziako Tolosako unibertsitatekoekin, adibidez.