Gizartea
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Gorrotxategi: "Duela urtebete hezkuntza ituna adostu genuenetik ez dugu lan bilerarik egin"
O. A. | EITB Media
Elkarrekin Podemos-IUren Legebiltzarreko bozeramaileak azpimarratu duenez, ez du Eusko Jaurlaritzak onartuko duen Hezkuntza Legearen aurreproiektua ezagutzen. Edozein kasutan, lege proiektua eta publiko egin zen lehen zirriborroa ezberdinak izatea espero du.
-
Miren Gorrotxategi Radio Euskadin
Ezustekorik ezean, Gobernu Kontseiluak gaur onartuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza lege-proiektu berria, 1993ko Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko duena. Testuinguru horretan, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren Legebiltzarreko bozeramaileak azpimarratu duenez, duela urtebete hezkuntza ituna adostu zutenetik ez dute lan bilerarik egin.
Gorrotxategiren arabera, Elkarrekin Podemos-IUk ez du Eusko Jaurlaritzak onartuko duen Hezkuntza Legearen aurreproiektua ezagutzen, nahiz eta etorkizuneko legearen oinarriak ezarri nahi zituen hezkuntza itunaren sinatzaileetako bat izan. "Ez dut testua ezagutzen, ezagutzen dudan bakarra lehen zirriborroa da", gaineratu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskaini dion elkarrizketan, Gorrotxategik ez du argitu Hezkuntza Lege berriaren inguruan Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortuko duen ala ez. Are gehiago, lehen zirriborroa ikusita, testu berriak oso bestelakoa izan behar duela uste du: "Euskal hezkuntza sistemak dituen behar eta erronka horietan aurrera egiten ez badu, nekez adostu daiteke zerbait".
Duela urtebete pasatxo, 2022ko apirilaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berria izango denaren oinarriei argi berdea eman zien Eusko Legebiltzarrak. Hezkuntza itunak Elkarrekin Podemos-IUren eta Legebiltzarraren gehiengo zabalaren babesa (% 90,6) eskuratu zuen.
Miren Gorrotxategiren esanetan, hezkuntza itunak "poza" eta "itxaropena" eragin bazituen ere, sentimendu horiek "etsipen eta kezka" bihurtu dira.