Itxi

Gizartea

MADRILGO SUTEA

Madrilgo sutean hildako bezeroaren aitak jatetxea salatuko du

EITB MEDIA

25 urteko zerbitzariaz gain, Bilboko Zorrotzaurreko IMQ klinikan lan egiten zuen 43 urteko erizain bat hil zen ezbeharrean. Emakumearen lankideek minutu bateko isilunea egin dute eguerdian zendu berri den lankidea gogoratzeko.

  • Sutea izan zen jatetxea, Madrilen

    Sutea izan zen jatetxea, Madrilen. Argazkia: EFE

Madrilgo Burro Canaglia Bar&Resto jatetxean larunbatean izandako sutean hildako bezeroaren aitak jatetxea salatuko du, eta uste du dekorazioa izan daitekeela ezbeharraren eragile nagusia. Bi pertsona hil ziren: 25 urteko zerbitzari bat eta 43 urteko emakume getxoztar bat. Gainera, 10 lagun zauritu ziren, sei oso larri. Azken horietako bat ere bizkaitarra da, eta La Paz Unibertsitate Ospitalean dago ingresatuta, Zaintza Intentsiboen Unitatean. Polizia Zientifikoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Hildako emakumeak Bilboko Zorrotzaurreko IMQ klinikan egiten zuen lan, erizain modura. Hango langileek minutu bateko isilunea egin dute gaur eguerdian, zendu berri den lankidea gogoratzeko.

Ikertzaileek ofizialki baieztatu ez badute ere, itxura guztien arabera, zerbitzarietako batek eskuan zuen pizza flanbeatzeko sopleteak eragin zuen sua. Lekukoek esan dutenez, tresna hori piztu zuenean sua sabaitik zintzilik zeuden landare artifizialetaraino iritsi zen eta garrak ziztu bizian zabaldu ziren. Dekorazioa egokia zen edo ez ikertzen ari dira. Jatetxeko sarreratik gertu piztu zen sua, eta barruan zeuden bezeroak eta langileak atera ezinda geratu ziren.

Azken orduotan, dekorazioaren inguruko egokitasuna ez ezik, jatetxeak sukaldea izateko baimena zuen ere jarri da zalantzan. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten arabera, "sukalderik gabeko taberna" gisa agertzen da lokala Madrilgo ostalaritza-lokalen katalogoan. Udaletik, baina, Begoña Villacis aldateordeak berehala "zuzendu" zuen gaia atzo, 1997tik "sukaldea izateko litzentzia" baduela esanez.