Itxi

Gizartea

Eguraldiaren iragarpena

Eguraldi egonkorra eta tenperatura epelak apirila amaitzeko

EITB MEDIA

Giro gris eta zeru hodeitsuekin abiatuko dugu astea, baina ez da euririk espero. Ostegunetik aurrera, ordea, tenperaturak gora egingo du eta 25º-tik gora ibiliko da barnealdean.

  • Mammatus izena duten hodei bereziak, Bergaran (Gipuzkoa). Argazkia: Iñaki Zenitagoia

    Mammatus izena duten hodei bereziak, Bergaran (Gipuzkoa). Argazkia: Iñaki Zenitagoia

Apirileko azken asteak eguraldi egonkorra dakarkigu, zeru hodeitsuekin baina tenperatura atseginekin, EITB Mediako Meteorologia zerbitzuaren iragarpenaren arabera. Euri kontuez hitz egiteko, asteburura arte behintzat itxaron beharko dugu.

Astelehen, astearte eta asteazken honetan, Euskal Herriko zeruak estalita egongo dira gehienbat, tenperaturak 20º-ren bueltan ibiliko dira, eta litekeena da kostaldean tantaren bat botatzea.

Ostegunean eta ostiralean, berriz, tenperaturaren gorakada espero dugu, batez ere barnealdean, eta 25º-tik gora espero ditugu Araban eta Nafarroan. Dena dela, eguzkia ez dugu asko ikusiko, eta zeru hodeitsuei eutsiko diegu.

Asteburuan, maiatzaren 1eko zubian, aldaketa dator; izan ere, joeraren arabera, giro nahasiagoa egongo da eta euria izango dugu lagun euskal lurralde guztietan.

Eguraldiaren informazio eguneratua eskuragarri duzu eitb.eus atarian, eta eguraldiaren argazkiak bidal ditzakezu.