Gizartea
TXERTAKETA
Haurren txertaketak azken 30 urteotako beherakadarik handiena izan du mundu mailan, UNICEFen arabera
EITB Media
Aztertutako 55 herrialdeetatik 52tan haurren txertaketaren garrantziak behera egin du 2019 eta 2021 artean, baita Espainian (% 89) eta Frantzian (% 75) ere. Halaber, gizarteak immunizazioan duen konfiantza ere jaitsi da.
-
Txertaketa. Artxiboko argazkia: EFE
Mundu osoko 67 milioi haur erabat edo partzialki txertatu gabe gelditu ziren 2019 eta 2021 artean pandemiak eraginda, UNICEFek gaur ezagutzera eman duen "Haurren Mundu Egoera 2023: Haurtzaro bakoitzarentzat, txertaketa" ikerketak ohartarazi duenez. Nazio Batuen Erakundearen agentziaren txostenaren arabera, haurren txertaketak azken 30 urteetako beherakadarik handiena izan du mundu mailan eta immunizazio maila jaitsi egin da 112 herrialdetan.
Gainera, aztertutako 55 herrialdeetatik 52tan haurren txertaketaren garrantziak behera egin du pandemian, tartean, Espainian, % 96,5etik % 88,6ra, eta Frantzian, % 75.
"Covid-19aren aurkako txertoaren garapena aurrekaririk gabeko lorpen historikoa izan bazen ere eta bizitza ugari salbatu bazituen ere, pandemiak atzerapauso handia eragin du haurren txertaketan eta gizarteak immunizazioan duen konfiantzan", adierazi du Jose Maria Vera UNICEFek Espainian duen zuzendari exekutiboaren arabera.
UNICEFeko ordezkariaren esanetan, datuak "kezkagarriak" dira, eta horien aurrean beharrezkoa da "premiazko neurriak" hartzea galdutako dosiekin egunean jartzeko eta gaixotasun hilgarrien agerraldiak prebenitzeko. "Elgorria, difteria edo prebenitu daitezkeen beste gaixotasun batzuk dituzten haurren kopuruak gora egitearen ondorio izan daiteke hurrengo heriotza oldea", gaineratu du.
Lehendik zeuden desberdintasunak areagotu egin ditu pandemiak. Dosirik jaso ez duten haurrak komunitate pobreenetan, urrunenetan eta baztertuenetan bizi dira, eta, batzuetan, gatazkak dituzte. Immunizazio osoa jaso gabe gelditu ziren 67 milioi haurretatik 48 milioik ez zuten txerto bakar bat ere jaso ("zero dosi"). 2021aren amaieran, India eta Nigeria ziren dosi bat bera ere hartu gabe haur gehien zituzten herrialdeak, baina zero dosi zituzten haurren kopuruak nabarmen egin du gora Birmanian eta Filipinetan. Indiak eta Nigeriak jaiotza tasa oso altuak dituzte.
Pandemiaren ondorioz, haurren txertaketa eten egin zen ia mundu osoan, besteak beste, osasun sistemek presio handia jasan zutelako, immunizaziora bideratutako baliabideak covid-19aren aurkako txertaketara desbideratu zirelako, osasun langile gutxi zeudelako eta konfinamendua ezarri zelako.