Gizartea
Emakumeen aurkako indarkeria
Gaur hasiko dira Kongresuan "Bai bakarrik da bai" legea erreformatzeko zuzenketen negoziazioak
EITB Media
PSOE prest dago PPrekin erreformarako zuzenketa teknikoak negoziatzeko, "nahi ez diren ondorioak" zuzentzeko. Hain zuzen ere, barkemena eskatu du Sanchezek ondorio horiengatik. Podemosen arabera, oraindik denbora dago PSOEk "gehiengo aurrerakoi eta feministaren bide zuzena" hartzeko.
-
Feijoo eta Sanchez, Senatuan. Argazkia: Efe
Kongresuak gaur hasiko du "bai bakarrik da bai" legearen erreforma onartzeko prozesua, PSOEk sustatutako testuari aurkeztutako zuzenketak eztabaidatzeko talde parlamentarioek lantaldea osatuta.
PSOEk nahiz PPk onartu egin dute astean zehar gaiaz hizketan aritu direla. PSOE prest dago PPrekin erreformarako zuzenketa teknikoak negoziatzeko, "nahi ez diren ondorioak" zuzentzeko. Hain zuzen ere, barkamena eskatu du gaur Sanchezek ondorio horiengatik. Hala ere, PSOEk nabarmendu duenez, ez du zigor igoerarik onartuko.
Podemosek, PSOEren gobernukideak, sozialistei esan die PPk "umiliatu" egin nahi dituela zuzenketekin. Alderdi moreak berretsi du posible dela akordioa egitea eurekin eta Kongresuko "gehiengo feministarekin", ERCri eta EH Bilduri erreferentzia eginez. Izan ere, Podemosek aurkeztutako zuzenketen antzekoak aurkeztu dituzte bi alderdi independentistek.
EAJk, berriz, ez du zuzenketarik sartu, iritzi baitio PSOEk ez duela biktimaren baiezkoa legearen erdigunetik kentzen.
Bihar, 09:00etan, Berdintasun Batzordea elkartuko da, eta hor egingo dute erreformaren lehen azterketa.
Lantaldearen ebazpena berretsiz gero, Kongresuak ostegunean bozkatuko du erreforma. Lege organikoa denez, PSOEk gehiengo osoa behar du onartua izateko, baina PPren botoekin aise lortuko luke.