Itxi

Gizartea

EUSKARA

Euskararentzat "baliabide efektiboak" eta "lege babes handiagoa" eskatu ditu Behatokiak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Lurralde guztietan eta alor guztietan etengabe urratzen dira euskaldunen hizkuntza eskubideak, eta "normalizatzetik urrun" dago eskubide horien aitortza. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2022ko txostena aurkeztu du gaur, eta egoerak ez du hobera egin. Hutsuneak handiak dira.

0:54

Euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaie egunero esparru ia guztietan herritarrei. Lurralde guztietan gertatzen da hori, batetik bestera alde nabarmenak badaude ere. Sistema osoan daude hutsuneak, administrazio publikoko alor guztietatik hasi eta eremu pribaturaino. Agertoki horren aurrean, baliabide efektiboak eta lege babes handiagoa behar ditu euskarak, gizarte osoaren erantzunarekin batera.

Argazki hori plazaratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gaur Bilbon, "Hizkuntza eskubideen egoera 2022" txostena aurkezteko egin duen agerraldian. Iaz, euskararen lurralde guztietan eta eremu ezberdinetan (administrazioa, osasungintza, hezkuntza, kultura, aisia, kirola edota eremu sozioekonomikoa) gertatu ziren hizkuntza eskubideen urraketak jaso eta egoeraren argazkia eskaini du. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak aletu dute txostena hedabideen aurrean. Urraketen berri emateko, Behatokiko atea jo duten hainbat herritarren lekukotzak biltzen dituen bideo bat erakutsiz abiatu dute prentsaurrekoa.

Orotara, 1.071 intzidentzia jaso zituen iaz Behatokiak; 976 kexa, 54 zorion-mezu eta 41 kontsulta edo iradokizun, tartean. Petriatik azaldu duenez, aurreko urteko datuekin alderatuta, kexa kopuruari dagokionez, "jaitsiera txiki bat" izan da, baina horren atzean egon daitekeen "arrakalan" jarri du azpimarra. "Jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenen edota bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe", esan du. Herritarrek bere hizkuntza kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso ahal izateko, "euskara erabiltzeari uko" egin behar izaten diotela erantsi du.

Ildo beretik mintzatu da Gaubeka ere, eta "euskararen normalizaziorako pausoak mugatu, oztopatu edo debekatzen badira, hizkuntza eskubideek ez dute inoiz aitortza egokirik izango", nabarmendu du. Hala, administrazio publikoek normaltasunez euskaraz funtzionatzeko baliabideak behar direla aldarrikatu du, eta baita bestelako sektoreetan euskarazko eskaintza handiagoa izateko bitartekoak ere.

Aurreko urteetan bezala, batik bat Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jardunarekin lotutako kexak bildu ziren iaz, eta Bizkaiko udaletan herritarrek pairatutako hizkuntza eskubideei buruzko kexen kopurua ere "deigarria" izan zela azaldu dute agerraldian.

Oro har, esparru guztietan harremanak euskaraz izateko zailtasunak aipatzen dituzte herritarrek, eta Behatokiak irizten dio azken urteotan emandako urratsek ez dutela bermatzen euskaraz bizitzeko eskubidea. Are gehiago, auzitegietatik iritsi diren hainbat sententziak egoera larriagotzen jarraitzen dutela gaineratu dute.