Gizartea
Araba
Altubeko ordainlekua berriro ireki dute, kamioi batek su hartu ostean
EITB Media
Kamioi batek su hartu du arratsaldeko lehen orduan, eta zirkulazioa Subillatik bideratu dute hainbat orduz.
-
Kiskalitako kamioiaren irudia. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak
Altubeko ordainlekua, AP-68an, Gasteizerako noranzkoan, berriro ireki dute kamioi artikulatu batek ustekabean su hartu ostean. Ondorioz, trafikoa Subillara desbideratu behar izan dute, suak hainbat kabina harrapatu ondoren.
Ezbeharra 16:30ean jazo da, Altubeko ordainlekuan, Zuia udalerrian (Araba). Kamioi artikulatu bat erretzen hasi da eta garrak ordainlekuko kabina batzuetara zabaldu dira; beraz, bidea itxi eta Subillako irteeraraino desbideratu behar izan dute trafikoa.
Istripuaren ondorioz, auto ilarak sortu dira inguruan. Azkenik, 18:30 pasata, ordainlekua berriro ireki dute Gasteizerako noranzkoan.
Suteak gutxienez ordainlekuko kabina bat eta ibilgailu artikulatuaren egituraren zati bat erre ditu.