Politika
Ekimena
Crowdfunding kanpaina abiatu du Gure Eskuk, Frantziako Tourrean ikurrin erraldoi bat sortzeko
EITB MEDIA
Hainbat txirrindularik (Amets Txurruka, Peio Goikoetxea, Iñaki Isasi, Aritz Bagues, Eugenio Goikoetxea, Mikel Astarloza, Usoa Ostolaza, Nahia Polo, Idoia Eraso, Eukene Larrarte, Lierni Lekuona eta Ainhoa Ostolaza) egin dute bat ekimenarekin. Ekarpena Itsulapikoa.eus webgunean egin daiteke.
-
Agerraldia egin dute Errenterian. Argazkia: Gure Esku
Crowdfunding kanpaina abiatu du Gure Eskuk, Frantziako Tourrean ikurrin erraldoi bat sortzeko. Ekarpena egiten duen pertsona ororen izenak ikurrin horren kolore berde eta gorrian ikusiko dira. Zurian, berriz, "Basques decide-Euskal Herriak erabaki!" leloa azalduko da.
Hainbat txirrindularik egin dute bat ekimenarekin: Amets Txurruka, Peio Goikoetxea, Iñaki Isasi, Aritz Bagues, Eugenio Goikoetxea, Mikel Astarloza, Usoa Ostolaza, Nahia Polo, Idoia Eraso, Eukene Larrarte, Lierni Lekuona eta Ainhoa Ostolaza. Itzuliaren harira Errenterian egindako agerraldian iragarri dute crowdfunding kanpaina.
Txirrindularien esanetan, berezia izango da aurtengo Tourra, lehen hiru etapak eta bosgarrenaren zati bat Euskal Herritik igaroko baitira. "Aukera paregabea da Europako txoko honetan zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela esateko; nortasun propioa duen herri bat, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena", adierazi du Astarlozak.
Gauzak horrela, etapa egun horietan errepide bazterrean biltzeko deia egin diete zaleei, "txirrindulariak animatuz baina haien bidea oztopatu gabe".
Ekarpena Itsulapikoa.eus webgunean egin daiteke.