Itxi

Gizartea

ISTRIPUA

Karguekin aske geratu da Kantabriako istripua eragin zuen gidaria

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Hiru pertsona hil ziren, auto batek harrapatuta: Sestaoko 42 eta 19 urteko ama-seme batzuk eta Errioxako 68 urteko emakume bat. Gidariak —73 urteko gizonezkoa— positibo eman zuen alkohol eta kalamu proban. Goizean deklaratu du epailearen aurrean.

0:42
Istripuaren lekua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Epaileak behin behinean aske utzi du atzo Suesa herrian (Ribamontan al Mar, Kantabria) hiru pertsona harrapatu eta hil zituen 73 urteko gidaria. Karguekin geratu da libre, eta astero aurkeztu beharko du Santoñako Auzitegian. Horrez gain, gida-baimena kendu egin diote aldi baterako eta ezingo du Espainiatik irten. Zuhurtziagabekeriazko hilketa eta ausarkeriaz gidatzea leporatzen dizkiote. Positibo eman zuen alkohola —hirukoiztu egin zuen baimendutako tasa— eta kalamua atzemateko probetan. Istripua izan den udalerriko bizilaguna da.

Hildakoak Sestaoko ama-seme batzuk, Erika Rey de Perea eta Ethan Rio, 42 eta 19 urtekoak, hurrenez hurren, eta Errioxako 68 urteko emakume bat ziren. Somoko kanpin batera joanak ziren oporraldia igarotzera. Urteak zeramatzaten bertara joaten.

Atzo arratsaldean izan zen istripua, 20:00ak inguruan, CA-433 errepidean. Gidariak ibilgailuaren kontrola galdu zuen eta errepidetik atera zen, eta paseoan zihoazen hiru pertsona harrapatu zituen. Sestaoko ama-semeak lekuan bertan hil ziren. Errioxako emakumea, berriz, ospitalera eraman zuten egoera larrian, eta han zendu zen. Istripuaren arrazoia gehiegizko abiadura izan zela uste dute.

Kolpe handia izan da ezbeharra sestaotarrentzat. Ama-semeak oso ezagunak ziren herrian. 19 urteko mutila gazte talde bateko futbol entrenatzailea zen. Ainhoa Basabe alkateak bere doluminak helarazi dizkio familiari.

Ribamontan al Mar herriko Udalak, bere aldetik, hiru dolu-egun deitu ditu. Francisco Ason bertako alkateak esan duenez, gogoan duen "istripurik larriena" da eta "herri osoa lur jota" dago. Kanpinak herriarekin "lotura estua" duela gehitu du.

Errepidearen segurtasunaz galdetuta, alkateak nabarmendu du "bidegorri bat" dagoela eta bidea ez dela "inolaz ere" arriskutsua oinezkoentzat.

Guardia Zibila ari da gertatutakoa ikertzen, eta, gaur, halako kasuetan aditua den aditu talde bat joan da Madrildik Suesara, istripuaren tokia aztertzera.