Gizartea
PROTESTA
"Ehiza askatasuna" dela aldarrikatu dute milaka pertsonak Iruñean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Animalien babeserako lege berrien kontra agertu dira. Nafarroako Ehiza Federazioaren presidenteordeak esan duenez, "ez gaituzte entzuten, ez dakite zer den ehiza txakur bat eta ez dakite nola zaintzen ditugun".
-
Iruñeko manifestazioaren hasierako pankarta. Argazkia: EFE
Milaka pertsonak manifestazioa egin dute eguerdian Iruñeko kaleetan, "Ehiza askatasuna da" lelopean, Estatuan zein Nafarroan animalien inguruan indarrean sartu diren legeak salatzeko. Izan ere, haien ustez, "animalisten presioaren aurrean makurtu dira gobernuak, eta entzungor egin diote landa-munduaren eta ehizarako erabiltzen diren animalien jabeen errealitateari".
Nafarroako Ehiza Federazioak deituta (400 ehiztari-elkarte eta kirol-klub baino gehiago ordezkatzen ditu, eta 8.000 federatu inguru ditu), Nafarroako ehiztariek zein Espainiako Ehiza Federazioko eta Aragoi, Errioxa, Kantabria eta beste erkidego batzuetako ordezkariak ere izan dira martxan; 5.000 bat pertsona, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera.
Euripean eta eguraldi desatseginarekin ospatu da manifestazioa. Buruan, hamar bat ehiztari beren txakurrekin eta horien atzetik, bi lagun, bata hontz zuri batekin eta beste Harrise arrano batekin, manifestazioaren pankarta nagusia baino pixka bat lehenago. Txaleko laranjak jantzita egin dute manifestazioa, txilibituak, zintzarriak eta sirenak jotzen zituzten bitartean.
Pankarta nagusiarekin batera, "Ehiza funtsezko jarduera da" edo "Lege animalistari ez. Ehizari bai, nekazal munduari bai, gure ohiturei bai "leloak zeramatzaten beste batzuk ere ikusi dira Iruñeko kaleetan, Golem zinemetatik eta Sarasate pasealekura bitartean.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Jose Lavilla Nafarroako Ehiza Federazioko (FNC) presidenteordeak salatu du gobernuek ez dituztela aitzat hartu eta "ehiztarien kolektiboari entzutea" eskatu du.
"Ez dira batere lege aurrerakoiak" esan du Lavillak. "Ez digute entzuten, ez dakite zer den ehiza-txakurra, ez dakite ehiztariek nola zaintzen ditugun gure txakurrak, eta zaku berean sartzen gaituzte guztiok", adierazi du animaliei tratu txarrak ematen dizkietenei erreferentzia eginez.
"Ehiza-txakurra zaintzen ez duen ehiztaria ez da ehiztaria. Horien aurka joan eta legea aplikatu behar da, dagoen indartsuena. Baina animaliak zaintzen ditugunoi, ingurumena eta gure ehiza-txakurren ingurunea errespetatzen dugunoi entzun egin beharko ligukete", berretsi du, Animalien Ongizatearen lege berria ez dela egoki kudeatu salatuz.