Itxi

Gizartea

Jai feminista

Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak baztertu du datorren urtean azaroak 5 jaieguna izatea

Agentziak | EITB Media

Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak uste du Emakunderen proposamena aintzat hartzeak administrazio-prozedura bat hastea ekarriko lukeela, eta horretarako ez dagoela denborarik.

  • Iragan martxoaren 8a, Bilbon.

    Iragan martxoaren 8a, Bilbon. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak ez du aurreikusten datorren urteko azaroaren 5a jaieguna izatea, Emakundek proposatu duen bezala, proposamen horri jaramon egiteak administrazio-prozedura hastea ekarriko lukeelako, eta horretarako ez dagoela denborarik.

Emakunderen Aholku Batzordeak ofizialki proposatu du 2024ko lan-egutegiko jaiegun feminista 1933an emakumeek parte hartu zuten lehen bozketaren egun hori izatea, Idoia Mendia lehendakariordeak martxoaren 8a jaieguna izateko egindako proposamenaren alternatiba gisa.

Mendiak proposamena atzera bota ondoren, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Emakunderekin eta gizarte eragileekin batera hausnarketa prozesu bat abiatzeko, 2024ko lan-egutegian efemeride feminista adosteko.

Emakunderen erabakiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak gaur iragarri du bere erabakia "administrazio prozesua ez etetea" dela, dekretuaren zirriborroan aurreikusitako datekin.

Azaldu duenez, "hasieran proposatu ez den beste edozein jaiegun sartzeak beti beste kontsulta-aldi bat irekitzea ekarriko luke erakundeekin", hala nola, Lan Harremanen Kontseilua, aldundi, Eudel, Kooperatiben Kontseilu Gorena eta Elizbarruti Idazkaritzarekin.

Sailak ohar batean gaineratu duenez, horrek "eragotzi egingo luke" irailaren amaieran Ministerioari Euskadiko lan-egutegiaren proposamena bidaltzeko epea betetzea, eta, ondorioz, "atzeratu egingo litzateke enpresek eta langileek beren lanaldiak planifikatzeko".

Lan Sailak uste du Emakundek baztertu egin duela martxoaren 8a, "argudiatu" gabe; beraz, erabaki du prozedura irekiarekin jarraitzea eta dekretu-proiektua Gobernu Kontseiluari aurkeztea.