Gizartea
Suteak
Baso suteak piztu dira Zestoan eta Karrantza Haranean
EITB Media
Biak ala biak amatatuta daude, baina zaintzapean dituzte hego haize zakarra baitabil. Gipuzkoako sutearen ondorioz, inguruko lau baserritako bizilagunak etxetik atera dituzte, dagoeneko itzuli diren arren. Karrantzakoari dagokionez, Kantabrian piztu da, baina Bizkaiko mugatik gertu.
Suteak izateko arriskua handia da Euskadin, eta horren lekuko, azken orduetan Zestoan (Gipuzkoa) eta Karrantza Haranean piztutako baso suteak. Bigarren hori Kantabrian piztu da, baina Bizkaiko mugatik oso hurbil. Biak ala biak itzalita daude.
Gipuzkoako sutea 04:00ak aldera piztu da, Endoia auzoko pinudi batean, Itziar udalerriko mugatik gertu.
Badaezpada, inguruko lau baserritako 30-35 bizilagun aterarazi dituzte baina 07:00etarako etxera bueltatu dira.
Gertu dagoen GI-3293 errepidea itxi dute, itzaltze lanetan laguntzeko, baina goizean goizerako zabaldu dute berriro.
Karrantzari dagokionez, sute txikia izan da. Berez, Kantabrian piztu da, baina Bizkaitik oso gertu dagoenez, bertako suhiltzaileak joan dira itzaltzeko lanetan laguntzera. Gauerdia aldera kontrolpean hartu dute, eta handik gutxira amatatu.
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) abisu horian dago gaur baso suteak izateko arriskuagatik. Hego haize zakarra dago, bero egiten du, hezetasun gutxi dago eta landareria lehor dago.
¿ #AbisuHoria #BasoSutea
— Euskalmet (@Euskalmet) March 28, 2023
¿ Martxoak 29, asteazkena.
¿ Abisu horia baso-sute arriskuagatik 00etatik 24etara.
¿ Miércoles, 29 de marzo.
¿ Aviso amarillo por riesgo de incendios forestales de 00 a 24 h. pic.twitter.com/lpcoAwgZ17