Itxi

Gizartea

NAFARROA

Iruñeko Konstituzio plazako plaka euskarara itzuli beharko da

EITB MEDIA

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen plakak ele bitan idatzi behar zirela eta eta orain ebazpena berretsi du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak.

  • Iruñeko Udaletxe plaza, artxiboko irudi batean. Argazkia: Jesus Angela Arana

    Iruñeko Udaletxe plaza, artxiboko irudi batean. Argazkia: Jesus Angela Arana

Iruñeko Udalak Konstituzio plazaren izena euskarara itzuli beharko duela ebatzi du Administrazioarekiko Auzietako 2. epaitegiak, Navarra Sumaren udal gobernuak jarraitutako irizpidearen kontra. Epaia ez da irmoa eta helegitea jar daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Gaur jakinarazi duten epaian, epaileak berretsi egin du Euskararen Ordenantza ez betetzeagatik Nafarroako Administrazio Auzitegiak onartutako ebazpena. Iruñeko Udalak plaka gaztelera hutsean jarri ostean, Joseba Asiron EH Bilduko zinegotziak helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta arrazoia eman zion.

Udalak, bere aldetik, zioen Constitución izen propioa dela eta ezin dela euskarara itzuli, eta epaitegietara jo zuen. Orain magistratuak adierazi du ez direla kaleei izena ematen dien pertsonen izen-abizenak itzultzen, baina bai izen abstraktuak dituztenak. Horren esanetan, ez da Concepcion Benitez edo Isabel Garbayo Ayala pertsona izenak dituzten kaleen kasu berdina. Horregatik, euskara itzultzeko agindu du.

Era berean, magistratuak azaldu duenez, Konstituzio terminoak, informazio gehigarrian egiten den bezala, 1978ko Espainiako Konstituzioari erreferentzia egin nahi badio ere, horrek ez du berezko izen bihurtzen. "Ikus bedi informazio gehigarri hori bera ere ageri dela plaka elebidunean (Constitución Española de 1978 y 1978ko Espainiako Konstituzioa)", dio.

Epaileak gaineratu duenez, 1978ko Konstituzioari egiten dion aipamenak ez du izen berezi bihurtzen. Izan ere, aipaturiko plakan "Constitución Española de 1978" y "1978ko Espainiako Konstituzioa" izeneko oharra ageri da txikiz.

Irizpide kontrajarriak

Urtarrilean, Iruñeko Administrazioarekiko Auzietako 1. epaitegiak kontrako erabakia hartu zuen. Epaileak ebatzi zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak kaleen izenak itzultzeko irizpidea aldatu zuela, inolako motibaziorik gabe.

Zer dago epai kontrajarri horien atzean? Prozedura Zibilaren Legearen baitan, Iruñeko Udalak erabaki zuen bi kasuak ez metatzea eta horregatik atera dira auzi berari buruzko bi erabaki ezberdin.