Gizartea
'Bai bakarrik da bai' legea
PSOEk Unidas Podemosi: "Nazkatuta gaude zuen hitz antzuekin"
Agentziak | EITB Media
Bozketa Emakumearen Egunaren bezperan egingo da. Bi gobernukideek desadostasunak dituzte PSOEk Irene Monteroren legeari proposatu dizkion aldaketen inguruan, zenbait kasutan sexu erasotzaileei ezarritako zigorrak murrizteko.
-
Diputatuen Kongresuaren artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
'Bai bakarrik da bai' legearen erreforma Kongresura iritsi da gaur, Espainiako Gobernuko kideek jarrera kontrajarriak dituztela.
Azken orduko aldaketarik ez badago, Kongresuko Osoko Bilkurak sozialisten ekimena izapidetzea onartuko du, PSOEren eta PPren aldeko botoekin eta Unidas Podemosen aurkako botoekin, Irene Montero Berdintasun ministroarena barne. Hala, gobernukideek kontrako botoak emango dituzte lehen aldiz.
Gaurko saioan, Andrea Fernandez PSOEko Berdintasun arduradunak defendatu egin du erreforma, eta Unidas Podemoseko kideei zuzendu zaie: "nazkatuta gaude zuen hitz antzuekin",
"Hitz egin dezaegun konponbideez; hori da serioena. Kontu garrantzitsuenetan gakoa ez da norekin [adostu erreforma], baizik eta noren alde egiten den", adierazi du.
Fernandezek "leloak albo batera uztea" eskatu dio Unidas Podemosi, eta aldarrikatu du PSOEk "40 urte" daramatzala "herrialdearen berdintasun arkitektura diseinatzen".
M8aren bezperan
Bozketa Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan egingo da. Bi gobernukideek desadostasun handiak dituzte Gobernuko alderdi sozialistak Irene Monteroren legeari proposatu dizkion aldaketen inguruan.
PSOEren proposamenak indarkeria eta larderia larrigarri gisa sartzen ditu, eta zigor batzuk ukitzen ditu; hori moreentzat adostasuna alde batera uztea eta 'La Manada' auziko Zigor Kodera itzultzea da.
Ezustekorik ezean, dirudienez, ez da akordiorik egongo, eta PSOEk, ziurrenik, PPren eta Voxen babesarekin aterako du bozketa aurrera.