Itxi

Gizartea

Bizkaia

Bi gidarik elkarri eraso egin diote Santurtzin, auto eta autobus baten arteko istripuan

EITB MEDIA

Elkarri kolpeka ari zirela, autobuseko gidariak leihoa itxi zuen eta beste ibilgailuko gidariari eskua harrapatu zion. Osasun langileek Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten autoko gidaria.

Pertsona bat zauritu zen atzo, larunbatarekin, Santurtzin autobus eta auto baten artean izandako istripuaren ondotik, gidari biek liskarra izan baitzuten.

Santurtziko Udaltzaingoak eitb.eus-i jakinarazi dio Kabiezes auzoan gertatu zela istripua, 12:00ak aldera. Ordu horretan hainbat lekukoren deia jaso zuten udaltzainek, bi gidari elkarri eraso egiten ari zirela esanez.

Antza, autobusa biribilgunera sartu zen, bertan dagoen geltokian gelditzeko asmoz. Barruko erreitik zihoan auto bat, baina, eskuineko erreira igarotzen saiatu zen, eta autobusak kolpatu eta arrastaka eraman zuen 20-50 metro, geltokian gelditu arte.

Une horretan, autoko gidaria ibilgailutik jaitsi zen, eta Bizkaibuseko gidariari eraso egin zion. Bien arteko liskarrean, autobuseko gidariak leihoa itxi zuen eta beste ibilgailuko gidariari eskua harrapatu zion. Osasun langileek Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten autoko gidaria.