Gizartea
EITB DATA
Irakaskuntza alorrekoak, ingeniaritzak eta Enpresen Zuzendaritza, emakumeen unibertsitate hautuak
E. G. | EITB Media
Andrazkoak nagusi dira osasungintzako eta hezkuntzako graduetan, 10 matrikuletatik 8 eurenak dira eta. Ikasketok lana lortzeko aukera handia dute, gainera.
-
Grafikoa: EITB
EITB Dataren arabera, emakumeak dira unibertsitateko ikasgeletan nagusi, eta graduatuen ia erdia dira. 2021/2022 ikasturteko matrikulazio datuak xehe aztertuta, gainera, ondoriozta dezakegu honakoak daudela andrazkoen aukeratuenen artean: irakaskuntzarekin lotutakoak (andrazkoek egindako matrikulen % 14), ingeniaritzak (% 12) eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, EAZ (% 10etik behera).
Ondoren datoz Psikologia eta Zuzenbidea (% 7 inguru), baita Medikuntza eta Erizaintza ere (% 5)
Nolanahi ere, gizonek egindako aukeraketekin alderatzean (matrikulazio guztia kontuan hartuta), argazkia zertxobait aldatzen da, eta hezkuntza alorrekoekin batera (matrikula guztien % 87,5, emakumeek egindakoak), osasungitzakoak ageri dira. Hots, Erizaintza (10etik 8 baino gehiago emakumeak), Farmazia, nutrizioa eta odontologia (% 78) eta Medikuntza (hiru heren baino gehiago emakumezkoak). Aipagarria da, halaber, Psikologian andrazkoek duten nagusitasuna: 10etik 7 dira.
Kontrara, gutxiengo dira Informatikan (% 16,8 bakarrik dira emakumeak), eta hainbat ingeniaritzatan ez dira herenera heltzen —Ingeniaritza Biomedikoa da salbuespena, 10etik 6 baitira emakumezkoak—. Kirolarekin lotutako ikasketak ere oso maskulinizatuta daude (herena, emakumeak).
EITB
Egindako ikasketak etorkizunean egingo den lanaren erakusle izan ohi dira. Hala, enplegagarritasun handiena duten graduak aztertuta, honakoak ageri dira goialdean: Medikuntza (10 titulatuetatik 9k eskuratzen dute lana), ingeniaritzak (% 88ko enplegagarritasunarekin), EAZ (10etik 8k topatzen dute lana) eta Erizaintza (hau ere % 80ko aukerekin).
Beste muturrean daude, halaber, Ekonomia (maskulinizatutako gradua, % 39 dira emakumeak), Marketing eta Publizitatea eta Psikologia (azken honetan emakumezkoak dira nagusi).
EITB