Gizartea
ESPETXEAK
Preso bat hilda agertu da Gipuzkoako espetxean
I. A / A. S. | EITB MEDIA
Astebetean Euskal Herriko espetxeetan hilda agertu den bigarrena da. Atzo 22 urteko preso bat aurkitu zuten hilda Arabako Espetxean. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman du gaurko heriotzaren berri, hedabideen aurrean egin duen agerraldian.
-
Martuteneko espetxearen artxiboko irudi bat
57 urteko preso bat hilda aurkitu dute asteazken honetan Gipuzkoako espetxean, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak astearte honetan adierazi duenez. Aste honetako bigarrena da EAEko espetxeetan, atzo 22 urteko beste preso bat hilda agertu baitzen Arabako Espetxean.
Sailburuaren esanetan, erizaintza-moduluan gaitz fisiko bat tratatzen ari ziren preso bat hilik topatu dute. Gipuzkoako espetxeko langileak, ohi bezala, 08:00etan zeldak irekitzen hasi direnean, erietxeko ziegan hilotz topatu dute. Presoa bakarrik zegoen, eta ez zuen indarkeria zantzurik.
Atzo Arabako gertakariaren ondotik egin moduan, espediente bat ireki da gaurkoan ere gertatutakoa argitzeko. Sailburuak nabarmendu duenez, "hau 24 orduan gertatutako bigarren heriotza da", eta hori ez da batere ohikoa. Dena dela, argitu du espetxeetako osasun-langileek erabiltzen dituzten aldagaien barruan dagoela.
Horren arabera, "Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hildakoaren familiari behar duen laguntza eskaintzeko baliabideak jarri ditu martxan".
Azken hamarkadan, 25 preso hil dira Euskadiko presondegietan. Kartzeletan suizidioak saihesteko ekimenei dagokienez, Melgosak jakinarazi du protokolo horiek "etengabe" berrikusten direla, eta, dena hobetu badaiteke ere, espetxeetan lan egiten duten profesionalek "maila altua" eta konpromiso handia dutela ziurtatu du.