Gizartea
Nafarroa
Osasunbideko Erizaintzako eta Fisioterapiako grebak irtenbideak eskatu ditu lan karga handiaren aurrean
Agentziak | EITB Media
Osasun Departamentuaren arabera, jarraipena % 5ekoa izan da. Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla eta profesional askok ezin dutela greba egin salatu du Satsek.
-
Greba Osasunbidean. ETIBren bideo bateko irudia
Nafarroako osasun publikoko Erizaintza eta Fisioterapia sektoreak mobilizazio eguna du gaurkoa, "nazkatuta" daudela adierazteko eta irtenbideak eskatzeko "lan karga handiaren aurrean, bereziki Lehen Arretan", eta "sistema osoan dagoen alde bidegabearen aurrean, jada egiturazkoa". Osasunbideko 4.000 profesional inguru daude lanuztera deituta.
Goizeko txandako profesionalen % 5,15ek greba egin dute, Osasun Departamentuaren arabera. Satsek deitutako elkarretaratzean Idoia Valencia ordezkariak esan duenez, gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" dira, eta "profesional askok grebarekin bat egitea eragozten ari dira".
"Badakigu Administrazioa zerbitzuak eta zentroak indartzen ari dela, baita erizainek eta fisioek greba kartelen bidez iragartzea eragotzi ere. Satsetik eskerrak ematen dizkiegu ekintza horiek beste bide batzuen bitartez babesten dituztenei. Greba deialdia kudeaketa administratiboak urteetan zehar izan duen porrota baino ez da", gaineratu du.
Grebaren erreklamazioei dagokienez, sindikatuak eskatu du "familia bizitza bateragarri egiteko beharrezkoak diren baimenak emateko, bajak eta absentismoak % 100ean ordezkatzeko, ratio egokiak egoteko eta langile kopurua egokitzeko zerbitzuen arabera".
Era berean, Lehen Arretan "ia dena sar daitekeen hondamendi kutxa" gisa erabiltzeari uzteko eskatzen dute, alde bidegabeei amaiera emateko ordainsari osagarriak berdintzeko, erretiro aurreratua errazteko edo Funtzio Publikoan Bolonia Planaren araberako sailkapena ezartzeko, ikasketek "15 urte eman dituztelako gradu izaten".
Asteleheneko bileraren ondoren, ez dago bi aldeak berriz biltzeko datarik.