Itxi

Gizartea

JUSTIZIA

Sexu-erasoagatik jarritako zigor bat sei hilabete murriztu dute Nafarroan, "bai bakarrik da bai" legearekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ebazpenaren alde bozkatu dute Joaquin Galve Sauras Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Francisco Javier Fernandez Urzainqui magistratuak. Aldiz, Esther Erice Martinez magistratuak aurka bozkatu du.

  • Iruñeko Justizia Jauregia

    Iruñeko Justizia Jauregia

Adin txikiko neska bati modu jarraian egindako sexu-erasoengatik gizonezko bati ezarritako espetxe-zigorra sei hilabete murriztea —14 urte eta hiru hilabetetik 13 urte eta bederatzi hilabetera— erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, "bai bakarrik da bai" legearekin.

Akusatuak bere zigorra berrikustea eskatu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegian, eta erakunde horrek ez zuen ontzat eman eskaria. Ondoren, helegitea jarri zuen kondenaren berrikuspena ukatzearen aurka Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, eta horrek bai,  zigorra berrikusi eta murriztea erabaki du, lege berria baliatuta.

Ebazpenaren alde bozkatu dute Joaquin Galve Sauras aipatu Auzitegiko presidenteak eta Francisco Javier Fernandez Urzainqui magistratuak. Aldiz, Esther Erice Martinez magistratuak aurka bozkatu du. Azken horrek zigorra bere horretan mantentzearen alde egin du, Fiskaltzak bezala.

2017an ezarri zioten akusatuari 14 urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra, 16 urteko neska bati modu jarraian sexu-erasoak egiteagatik.