Itxi

Gizartea

Gaixotasun Arraroen Eguna

Gaixotasun arraroen 11.000 kasu baino gehiago atzeman dituzte EAEn eta Nafarroan

EITB Media

Osakidetzak 1.000 gaitz arraro ditu identifikatuta; Osasunbideak, bestalde, 73 ditu erregistratuta. 10.000 biztanleko bost pertsonak baino gutxiagok pairatzen dituzten gaitzak jotzen dira gaixotasun arrarotzat.

  • Oso garrantzitsua da gaixotasun arraroak ikertzea, gaixoen bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko.

    Oso garrantzitsua da gaixotasun arraroak ikertzea, gaixoen bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko. EITB

Euskal Osasun Zerbitzuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gaixotasun arraroen 11.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, kaleratutako azken datuen arabera. 

Gaur da Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna. Oso kasu gutxi daudenez (biztanleen % 7ri eragiten diete), gizartearen zati handi batentzat oharkabean pasatzen dira eritasunok, eta otsailaren 28a baliatzen da kontzientzia handitzeko. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 10.000 biztanleko bost pertsonak baino gutxiagok pairatzen dituzten gaitzak jotzen dira gaixotasun arrarotzat. Europar Batasunean, 30 milioi pertsonak dute eritasun arrarotzat jotzen den gaitzen bat. Batez beste, lau urte behar izaten ditu gaixoak diagnostiko bat lortzeko. 

EAEko Gaixotasun Arraroen Erregistroaren arabera (RER-GAE, 2015etik 2021eko abendura arteko datuak), Osakidetzak 9.005 kasu ditu identifikatuta, 8.914 gaixoren artean. Guztira, 1.000 gaitz arraro atzeman ditu. Osasun Ministerioak gutxienez 22 gaixotasun mota erregistratzeko agindua eman zuen, baina EAEk atzemandako guztiak erregistratzen ditu. Dena dela, prebalentzia oso ezberdina da: 444 gaixotasunetan kasu bakarra atzeman dute. 

Grafikoa: EITB Media

Grafikoa: EITB Media

EAEn, 10.000 biztanleko 36koa da erregistro tasa. Araban eta Bizkaian, hortik apur bat behera dago (34 kasu), eta Gipuzkoan, aldiz, gorago (38). 

Gaitz arraro bat duten gaixoen % 16k 15 urte baino gutxiago dituzte (adin pediatrikoa). Sexuaren arabera, tasa antzekoa da (% 50,1 emakumezkoak dira eta % 49,9 gizonezkoak). Halaber, desberdintasun handiak ikus daitezke gaixotasun jakin batzuek sexuaren arabera duten intzidentziari dagokionez. Andrazkoen artean, behazun-kolangitisa eta hepatitis autoimmune primarioa daude ohikoenen artean, eta gizonezkoen artean, A hemofilia eta X hauskorraren sindromea. 

Nafarroan, Gaixotasun Arraroen Biztanleria Erregistroak (RERNA, 2013tik) 2.300 kasu eta 73 gaixotasun mota ditu identifikatuta. Osasunbideak ez ditu datuak xehe ematen, adinaren edota sexuaren arabera sailkatuta. 

Grafikoa: EITB Media

Grafikoa: EITB Media

Gaixotasun arraro ohikoenak

Euskal Autonomia Erkidegoan, gaixotasun neurologiko arraroak eta enbriogenesian zehar izandako garapen-akats arraroak dira kasu gehien dituzten kategoriak. Esan bezala, gizonen artean hauek dira sarrien ematen diren gaixotasunak: Steinerten distrofia miotonikoa (191 kasu), 1. motako neurofibromatosia (166), erretinosi pigmentarioa (154) eta biriketako fibrosi idiopatikoa (151); emakumeen artean, bestalde, honakoak: behazun-kolangitis primarioa (210 kasu), Steinerten distrofia miotonikoa (193), 1. motako neurofibromatosia (190) eta erretinosi pigmentarioa (183). 

Nafarroan, honakoak ageri dira: Steinerten distrofia miotonikoa (329 kasu), Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (284), A hemofilia (72), Huntingtonen gaixotasuna (62) edota Rendu-Oslerren gaixotasuna (55). Kontrara, aipagarria da Gaucherren gaixotasunaren kasu bakar bat ere ez dagoela Foru Erkidegoan (Espainiako Estatuan badaude kasuak).