Itxi

Gizartea

UKRAINAKO GERRA

Amnistia Internazionalak Pablo Gonzalez kazetaria aske uzteko eskatu dio Poloniari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Giza eskubideen aldeko erakundeak isolamendu erregimena bertan behera uzteko ere eskatu dio. Hiru hilabeteko atxiloaldia ezarri zioten hasieran, baina behin eta berriro luzatu diote, eta maiatzaren 24ra arte egongo da behin-behineko espetxealdian Errusiarentzat espioitza lanak egitea leporatuta.

  • PAblo Gonzalez artxiboko irudi batean. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia

    PAblo Gonzalez artxiboko irudi batean. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia

Amnistia Internazionala erakundeak Pablo Gonzalez euskal kazetaria aske uzteko eskatu dio Poloniari, atxilotu zutenetik urtebete betetzen den egunean. 2022ko otsailaren 27tik 28ra arteko gauean atxilotu zuten, Ukraina eta Polonia arteko mugatik gertu, Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zenean.

Hasiera batean, hiru hilabeteko atxiloaldia ezarri zioten, baina behin eta berriro luzatu diote, eta maiatzaren 24ra arte egongo da behin-behineko espetxealdian Errusiarentzat espioitza lanak egitea leporatuta.

Giza eskubideen aldeko erakundeak gutuna bidali dio Poloniako fiskal nagusiari, eta kezka adierazi dio Pablo Gonzalezen isolamendu erregimenagatik, eta epaiketaren data ezarri bitartean hura askatzeko eskatu du.

Pablo Gonzalezek gaur egun harreman erregularra du Gonzalo Boye abokatuarekin, eta Poloniako kontsul espainiarraren bisitak jaso ditu. Hala ere, atxilotu eta 16. egunera arte ez zuen ofiziozko abokaturik izan. Gainera, Amnistia Internazionalak adierazi du oraindik ez diotela utzi familiarekin eta lagunekin harreman zuzena eta erregularra izaten.

"Atxilotuek, baita poliziaren zaintzapean edo behin-behineko espetxealdian daudenek ere, erraztasun guztiak jaso behar dituzte senideekin eta lagunekin komunikatzeko eta haien bisitak jasotzeko", gogorarazi du giza eskubideen aldeko erakundeak ohar batean.