Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Asteazkenera arte luzatu dute elurragatik ezarritako abisu horia EAEn, baina asteartean bukatuko da Nafarroan

agentziak | eitb media

Bihar, asteartea, 100-400 metro inguruan geratuko da, baina prezipitazio are gutxiagorekin, nahiz eta isurialde atlantikoan ugariagoak izango diren.

  • Elurra Otsagabian. Argazkia: Oihana De Andres

    Elurra Otsagabian. Argazkia: Oihana De Andres

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak asteazkeneko 09:00ak arte luzatu du elurragatik ezarritako abisu horia, elur-maila 100-400 metro inguruan geratuko baita.

Hala eta guztiz ere, iragarpenek diote oso prezipitazio gutxi botako duela.

Gaur, astelehena, 100 metroan egongo da, eta gaua iristerako 200 metrora igoko da. Ez da elurterik espero, baina eguerdi aldean gehiago botako omen du barnealdean.

Bihar, asteartea, 100-400 metro inguruan geratuko da, baina prezipitazio are gutxiagorekin, nahiz eta isurialde atlantikoan ugariagoak izango diren.

Abisu horia Nafarroan

Bestalde, Nafarroan gaur, astelehena, eta bihar, asteartea, egongo da indarrean elurragatik ezarritako abisu horia.

Iragarpena

Negu beteko eguraldiarekin hasiko dugu astea. Giroa motela izango da, behe-hodeiak nagusi, eta elur-kota itsas mailara jaits daiteke, baina prezipitazioa oso eskasa izango da. Iparraldeko haizearen menpe jarraituko dugu, eta zakar ibiliko da kostaldean eta mendi inguruetan. Aroa oso hotza izango da, balio altuenak 3-6 ºC-ren bueltan geldituko dira, eta izotza egingo du; bereziki barnealdean, handia egin dezake.

Asteartean, tenperatura hotzak eta giro traketsak jarraipena izango dute. Maximoak koska bat igo daitezke, baina hotza nagusi izango da beste egun batez, ipar-haizearen menpe jarraituko baitugu eta Ebro ibarrean ziertzoak zakar joko du. Behe-hodei dezente agertuko dira, Nafarroa hegoaldean ostarte batzuekin. Prezipitazio txikia egingo du, eta elur-mailak baxu jarraituko du, 100-400 metro inguruan.

Asteazkenetik aurrera, tenperaturak gora egingo du, eta zerua argitzen joango da.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali argazkiak eta bideoak eitb.eus-era.