Itxi

Gizartea

Hezkuntza

EAEko Lanbide Heziketako plan berriak enplegu osoa du helburu, DUAL ereduaren bitartez

M. D. | EITB Media

Ikasleen ia heren batek DUAL ereduan ikasten dute, enpresekin lankidetzan. 2025-26 ikasturtetik aurrera ikasle guztiak DUAL ereduan trebatuko dira.

  • Lanbide Heziketa EAEn.

    Lanbide Heziketa EAEn.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana aurkeztu du, beste urrats bat emateko eta ikasle guztiak DUAL sistemara eramateko helburuarekin, enpresekin lankidetzan.

Ikasturte honetan, 46.671 ikasle ari dira LHn trebatzen. Ia heren batek DUAL ereduan ikasten du, enpresekin lankidetza estuan eta, horrela, haien enplegagarritasuna handituz. Eusko Jaurlaritzaren helburua da datorren urtean erdia izatea, eta 2025-26 ikasturtean % 70era iristea.

Horretarako, Lanbide Heziketarekin lan egiten duten enpresak iazko ikasturtearen bikoitza baino gehiago dira.

Lanbide Heziketa.

Eredu hori enplegagarritasunaren gakoetako bat da. Gaur egun, batez beste, % 85ekoa da.

Sailburuaren hitzetan, "euskal Lanbide Heziketa aurrera doa erabateko enplegagarritasunerantz, eta VI. Planak horretan sakonduko du, apustu irmoa eginaz pertsonen ezagueraren, sorkuntzaren eta talentuaren alde, bilatzen dugun teknologia-bilakaerarako oinarri gisa. Aurrera egitea, sistema adimendunen gizarte jasangarria bilaka gaitezen eta Lanbide Heziketari dagokionez nazioartean erreferentzia izaten jarraitzea da helburua".

Lanbide Heziketa.

Plan berriaren erronkak

EAEko Lanbide Heziketaren helburu nagusia etorkizun hurbilean enplegu osoa lortzea da. Horretarako, 2025-26 ikasturtetik aurrera ikasle guztiak DUAL ereduan trebatuko dira. Gainera, 2028-29 ikasturterako, ikasle kopurua 55.000ra igotzea dute helburu.

Era berean, EAEko LHk euskarazko irakaskuntzan aurrera egin nahi du Jaurlaritzak. Ikasturte honetan, erdia B edo D ereduan egiten da, eta datorren ikasturterako % 60 izango da, kalkuluen arabera.

Jaurlaritzaren arabera, plan berriak egungo lanpostu askoren eraldaketari erantzun nahi dio, baita sortuko diren lanpostu berriei ere, eta, beraz, zentroetako eraldaketa digitalari heltzen dio.

Lanbide Heziketa.

Emakumeak Lanbide Heziketan

Oraindik ez da erabateko berdintasunik lortu eremu horretan. Emakumeak LHko ikasleen herena dira, eta gehien-gehienak zientzian aritzen dira; zehazkiago, osasunean. Industriara bideratutako prestakuntzan % 12 baino ez dira.

Lanbide Heziketa.