Gizartea
GERTAKARIA
Donibane Lohizunen irakasle bat hil duen ikaslea hilketagatik inputatu dute
M. D. | A. S. | EITB MEDIA
San Tomas Akinokoa lizeo pribatuan gertatu da erasoa, aurrez pentsatutako hilketa gisa ikertuta. Ustezko erasotzaileak 16 urte ditu, eta aurrekaririk ez. Hainbat komunikabidek jakitera eman dutenez, gazteak arazo psikologikoak zituen eta erasoa egin ondotik "deabruak hartuta" zegoela adierazi du.
-
Donibane Lohizuneko Saint Thomas Daquin lizeoko ikastetxean gurasoak ikasleen zain.
Hilketagatik inputatu dute Donibane Lohizuneko (Lapurdi) San Tomas Akinokoa lizeo pribatuan irakasle bat hil duen Bigarren Hezkuntzako ikaslea, Jerome Bourrier Baionako fiskalak baieztatu duenaren arabera. Ustezko erasotzaileak 16 urte ditu, eta aurrekaririk ez. Hildakoa, berriz, 50 urteko emakumea da, gaztelerako irakaslea.
Pap Ndiaye Hezkuntza ministroa Donibane Lohizunen izan da. Frantziako Gobernuak elkartasuna eta babesa helarazi die lizeoari eta, oro har, hezkuntza komunitateari, eta minutu bateko isilunea iragarri du biharko, osteguna, 15: 00etan establezimendu guztietan.
Erasoa 09:30 aldera gertatu da. Ikaslea lekutik altxa, atea blokeatu eta irakaslea labankatu du bularrezurrean. Erasoaren ostean, "deabruak hartuta" zegoela adierazi duela esan dute ihes egitea lortu duten zenbait ikalek. Gainerakoak, baina Poliziaren aginduz, geletan gelditu behar izan dute.
Hasiera batean emakumea larri zegoela jakinarazi badute ere, bertaratu diren osasun langileek ezin izan diote bizitza salbatu, eta bertan hil da, 11:00ak aldera, zauri larrien ondorioz. Baionako Fiskaltzak baieztatu du haren heriotza.