Gizartea
Trafiko istripuak
Zortzi pertsona hil ziren iaz EAEko hiriburuetan izandako istripuetan; horietako sei, harrapatuta
M. D. | EITB Media
Udalek emandako datuen arabera, Bilbon eta Donostian 1.500 istripu inguru gertatu ziren, eta Gasteizen 980 biktimekin. Bilbon hil ziren gehienak: bost.
-
EAEko hiriburuetan trafiko istripuetan hildakoak, 2022an.
Zortzi pertsona hil ziren zirkulazio istripuetan Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan 2022an, Bilboko eta Donostiako udalek jasotako urteko txostenen eta Gasteizko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutierrezek udal batzordean emandako datuen arabera.
Hildako gehienak Bilbon jazotako harrapaketetan izan ziren. Bizkaiko hiriburuko bost hildakoen artean, lau auto batek harrapatuta zendu ziren, eta beste pertsona bat, motorretik erorita.
Donostian bi pertsona hil ziren: bat harrapatuta eta bestea moto istripuan. Gasteizko hildakoa ere harrapatu egin zuten.
EAEko hiriburuetan 2022an trafiko istripuan hildakoak.
Guztira, hiriburuetako istripuetan 2.371 pertsona zauritu ziren; horien artean, 124 larri. Gehienak, Donostian.
EAEko hiriburuetan 2022an trafiko istripuan zauritutakoak.
Istripuen kopurua oso antzekoa da Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan, baina oso desberdina Arabakoaren kasuan, hiru udalek emandako datuen arabera: 1500 inguru Bilbon eta Donostian eta 6000 bat Gasteizen. Arabako hiriburuan, hala ere, beste zenbateko bat ere ematen du Udalak: 980 istripu izan ziren, biktimekin.
EAEko hiriburuetan 2022an izandako trafiko istripuak.
Epe luzerako joera, ordea, positiboa da hiru hiriburuetan. Nahiz eta istripuen kopuruak gora egin 2021arekin alderatuta, pandemiaren ondorioz oraindik mugikortasun murrizketak indarrean zeudela, 2019arekin alderatuta, istripuak ia % 9 jaitsi dira Bilbon eta ia % 2 Donostian.
Gasteizen, jaitsiera % 26koa izan da ia hamarkada batean, Udalak 2014ko datuekin egindako alderaketaren arabera.
Istripu gehienek oraindik autoak izaten dituzte tartean. Patineteekin izandako istripuei dagokienez, ehunekoa handiagoa da Arabako hiriburuan.
EAEko hiriburuetan 2022an izandako trafiko istripuak.