Gizartea
GERTAKARIA
Ikasle batek bere irakaslea hil du labankadaz Donibane Lohizuneko ikastetxe batean
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Biktima 51 urteko emakumezkoa da. San Tomas Akinokoa lizeoan gertatu da erasoa. Ustezko erasotzailea, 16 urteko ikaslea, atxilotu egin du poliziak. Hainbat komunikabidek jakitera eman dutenez, gazteak arazo psikologikoak zituen eta erasoa egin ondotik "deabruak hartuta" zegoela adierazi du.
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) San Tomas Akinokoa lizeoan ikasle batek irakasle bat hil du labankadaz asteazken honetan. Erasotzailea, 16 urteko ikaslea, atxilo eraman dute polizia etxera. Azken datuen arabera, ikasleak buruko arazoak ditu, baina ez du aurrekaririk. Hildakoa, berriz, 51 urteko emakumea da, gaztelerako irakaslea.
Erasoa 09:30 aldera gertatu da, Bigarren Hezkuntzako ikasgela batean, gaztelaniako eskola erdian. Ikasle bat lekutik altxa, atea blokeatu eta 51 urteko irakaslea, emakumea, bortizki labankatu du bularrezurrean; 10 zentimetroko labanarekin. Erasoa egin eta gero, "deabruak hartuta" zegoela adierazi duela esan dute ihes egitea lortu duten zenbait ikalek. Gainerakoak, baina Poliziaren aginduz, geletan gelditu behar izan dute.
Hasiera batean emakumea larri zegoela jakinarazi badute ere, bertaratu diren osasun langileek ezin izan diote bizitza salbatu, eta bertan hil da, zauri larrien ondorioz. Baionako Fiskaltzak baieztatu du haren heriotza.
12:00ak aldera, ikasleak ateratzen hasi dira, tantaka, asko negarrez eta shock egoeran. Larrialdi zerbitzuak bertan daude, laguntza psikologikoa behar duten ikasle eta irakasleei laguntzen. Hegoaldeko gazte asko joaten dira San Tomas Akinokoa lizeora ikastera.
Frantziako Hezkuntza ministroa, Pap Ndiaye, Donibane Lohizunerako bidean da eta arratsaldean fiskalak prentsaurrekoa eskainiko du gertatutakoaren inguruko xehetasunak emateko. Frantziako Gobernuak elkartasuna eta babesa helarazi dio lizeoari eta orohar hezkuntza komunitateari.