Itxi

Gizartea

Migrazioa

Aita Marik 40 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan

M. D. | EITB Media

Erreskatatutako migratzaileak gehiegi kargatutako txapazko txalupa batean zihoazen; tartean, bi adingabe daude.

  • 40 pertsona burdinazko txalupan, Aita Mari aurrean. Argazkia: @XimenaBorrazas | maydayterraneo

    40 pertsona burdinazko txalupan, Aita Mari aurrean. Argazkia: @XimenaBorrazas | maydayterraneo

Aita Mari ontziak 40 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan zihoan burdinazko txalupa batetik, Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) erakundeak jakinarazi duenez. Erreskatatutako pertsonen artean 7 hilabete eta 2 urteko bi adingabe daude, baita 11 emakume ere.

Erreskatea Lampedusa uhartetik (Italia) 44 miliara egin dute. Itsas salbamenduko ontzia Ortonako porturantz doa.

SMHk ohar batean azaldu duenez, agintariek lehorreratzeko portu gisa izendatu dute, oraingo honetan erreskateko tokitik 750 miliara, eta horrek nabigaziorako egun batzuk eskatzen ditu, "itsas legeen aurka, eta horrek areagotu egiten du migrazio-prozesu oso gogorretan hilabeteak daramatzaten eta oinarrizko eskubideak etengabe urratuta dituzten pertsonen sufrimendua".

Handik ordu gutxira, itsasontzitik antzeko beste ontzi bat ikusi dute 40 bat lagunekin, baina Italiako kostazainek hartu dute erreskatearen ardura.

Aita Mari Castellotik (Valentziako erkidegoa) abiatu zen otsailaren 9an, bederatzigarren misioan. Aurretik, 2022ko ekainean egin zuen aurrekan, 113 pertsona erreskatatu zituen, eta Asier Sanchez EITBko kazetaria lekuko izan zen. Bizitakoa Review: Aita Mari formatu digital berritzailean bildu zuen. Atal guztiak EITBren Youtubeko kanalean daude jada eskuragarri.

Euskal ontziak bederatzigarren misioko bere lehen erreskatea otsailaren 16an egin zuen: egurrezko ontzi txiki batean pilatuta eta "arrisku bizian" zeuden 31 pertsona salbatu zituen. Erreskatatutako lagunen artean, 10 ume zeuden, lau haur txiki eta hiru hilabeteko haurtxo bat tartean. Bi egun geroago, Civitavecchiako (Italia) portuan lehorreratu zituen.