Gizartea
Bilbo
Indautxuko osasun zentroa ur hornidurarik gabe geratu da hodi bat hautsi delako
N. B. | EITB MEDIA
Haustura ustekabean gertatu da Rodriguez Arias kalea oinezkoentzat jartzeko lanetan, eta Areiltza Doktorearen zumarkaleko 12tik 18ra bitarteko zenbaki bikoitiei eragiten die.
Hodi baten hausturak urik gabe utzi du Areiltza Doktorearen zumarkaleko anbulatorioa, Bilbon. Bilboko Udalak eitb.eus-i jakinarazi dionez, ur-mozketak Areiltza kaleko zenbaki bikoitiei eragiten die, 12 eta 18 arteko atariei, Indautxu auzoko osasun-zentroa barne.
Hodi bat ustekabean hautsi izanak eragin du urak gainezka egitea eta hornidura etetea. Haustura Rodriguez Arias kalean egiten ari diren lanetan gertatu da. Udalak nabarmendu duenez, "ez dira ur beltzak eta ez dago arriskurik".
Teknikariak lanean ari dira eta ordu batzuk beharko dituzte arazoa konpontzeko. Beraz, urik gabe egongo dira zenbait orduz.