Gizartea
Huesca
Bi gasteiztar erreskatatu dituzte Pirinioetan, elur-jausi baten ondorioz erdi harrapatuta geratu ostean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gainera, Hiru Erregeen Mahaitik jaisten ari zela, haustura irekia egin duen Arabako 40 urteko beste mendizale bat ere erreskatatu du Guardia Zibilak.
-
Guardia Zibileko mendi-erreskaterako taldea, lanean. Argazkia: Guardia Zibila
Guardia Zibileko mendi-erreskaterako taldeek mendi-istripua izandako hiru mendizale arabar erreskatatu dituzte larunbat honetan Piriniotan, Huescan.
Elur-jausi baten ondorioz, erdi harrapatuta geratutako bi mendizaleren abisua jaso du Huescako Guardia Zibilak 12:30ak aldera. Lizara aterpearen eta Estanes lakuaren artean izandako elur-jausi baten ondorioz, erdi harrapatuta geratu dira 37 urteko emakumezko bat eta 49 urteko gizonezko bat. Helikopteroz erreskatatu dituzte eta Jakako ospitalera eraman.
Geroago, 15:30ak aldera, Nafarroako 112 zerbitzuak Huescako larrialdi zerbitzuei dei egin die esanez Arabako 40 urteko mendizale bat zaurituta zegoela, Hiru Erregeen Mahaitik jaisten ari zela, haustura irekia egin duelako. Jakako GREIM adituak, Huescako Aire-Unitatea eta 061eko mediku bat bertaratu dira, eta zauritua Huescako San Jorge Ospitaleraino eraman dute.