Gizartea
iNGURUGIROA
Iparraldean, Bilbon eta Donostian airearen kalitatea txarra da egunotan
eitb media
Atmo adierazleak maila gorrian kokatu du Iparraldea, eta Donostian eta Bilbon ere datuak txarrak dira. Suteak eta Saharako hautsa dira eragile nagusiak.
-
Biarritz. Argazkia: EITB
Atmo indizeak, airearen kalitatearen adierazleak, maila gorrian kokatu du Iparraldea, hau da, partikula kutsakor kantitate handia atzeman du giroan, eta Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitateari buruzko datuetan kalitate kaskarra atzematen da Bilbon eta Donostian.
Akitaniaren zati handienean egunotan izan den poluzioak nabarmen hobera egin badu ere, Iparralden okertu egin da egoera eta gorrian dago, urdinetik (ona) bioletara (oso txarra) doan eskalan.
Okertzearen atzean leudeke azken asteotan mendialdean izan diren suteak, baina baita landarediaren erreketak, egurrezko berogailuak, trafikoa edo hego haizeak ekarritako Saharako hautsa.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro Sailak Saharako hautsa aipatu du arrazoi nagusi gisa, baina baita euririk ez egitea eta eguraldi egonkorra ere.
Sud Ouest egunkariak gogorarazi duenez, iragan otsailaren 12an prefekturak neurriak hartu zituen kutsadurari aurre egiteko, tartean abiadura mantsotzea eta erreketak atzeratzea, Poitiers eta Pau artean poluzio maila handia atzeman baitzuten.
Adituek azaldu dute eguraldi egonkorrak ez diola mesederik egiten partikula kutsakorren sakabanaketari, eta osasun arazoak dituzten pertsonei neurriak hartzeko eskatu diete, tartean aire libreko kirola mugatzea.
Dena den, oraingoan prefekturak ez du badaezpadako neurririk hartu, partikulen kontzentrazioa alerta mailatik behera dagoela iritzita.