Gizartea
Lan-gatazka
Greba bertan behera uzteko aurreakordioa itxi dute Medikuen Sindikatuak eta Nafarroako Gobernuak
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Gobernuko iturriek baieztatu dutenez, gaur gauean, 00:00etatik aurrera, bertan behera geratuko da medikuen greba, baina astelehenean medikuek akordioa berretsi beharko dute behin betiko bertan behera uzteko.
-
Argazkia: EFE
Foru Erkidegoko Osasun Kontseilaritzak eta Nafarroako Medikuen Sindikatuak (SMN) aurreakordio bat itxi dute otsailaren 1ean abiatutako medikuen greba bertan behera uzteko eta, horrela, jarduera normala lehenbailehen berreskuratzeko.
Nafarroako Gobernuko iturriek baieztatu dutenez, gaur gauean, 00:00etatik aurrera, bertan behera geratuko da medikuen greba, baina astelehenean medikuek akordioa berretsi beharko dute behin betiko bertan behera uzteko.
Osasun Kontseilaritzak eta Medikuen Sindikatuak profesional fakultatiboen lan-baldintzetan eta Nafarroako herritarren zerbitzuan eragina duten hainbat neurri adostu dituzte.
32 paziente eguneko eta 12 minutu bisita bakoitzeko
Horien artean, agirian jasotakoaren arabera, bi daude bereziki garrantzitsuak, horietako bat lan-gainkargaren murrizketarekin lotuta, eta, zehazki, Lehen Mailako Arretaren sendotzearekin.
Ildo horretan, mediku bakoitzak egunean 32 paziente artatzeko gehieneko kopurua ezartzen da, eta, aldi berean, aurrez aurreko bisita bakoitzeko batez beste 12 minutu finkatzen dira.
Bestalde, mediku guztien oinarrizko soldata hilean 400 euro igotzea eta 14 ordainsari aurreikusten du, eta igoera hori "lehenbailehen aplikatzea" nahi dute, "arautu bezain pronto".
Negoziazio-prozesuaren xede ziren gainerako gaiak aurrerago eztabaidatuko dira egutegi zehatz batekin eta metodologia partekatu batekin.
Adostasunik ez esklusibotasunean
Esklusibotasunari dagokionez, ostera, akordioa ezinezkoa izan da. "Eztabaidagai zaila esklusibotasunarena da", adierazi du Alberto Perez SMNko idazkari nagusiak, eta esan du ez diotela uko egingo, baina "egungo une politiko eta sindikalean eta eragindako alarma izugarrian aurrerapauso gutxi daude".