Itxi

Gizartea

Epaiketa

Santi Cocaren heriotzagatik akusatuetako batek ihes egin du epaiketa hasteko 14 egun falta direnean

EFE | EITB Media

"Bilatu eta atxilotzeko agindua" eman da, justiziaren aurrean aldizka aurkezteko betebeharra "betetzeari utzi" diolako; baldintza hori jarri zioten behin-behinean aske uzteko. Cocari 2019ko apirilaren 26an eraso zioten Donostian, eta ospitalean hil zen, bi egun koman eman ondoren.

  • Donostia. Argazkia: Jon Hernández Utrera.

    Donostia. Argazkia: Jon Hernández Utrera.

Gipuzkoako Auzitegiak Santi Cocaren hilketagatik akusatuetako sei gazteetako bat atxilotzeko agindua eman du, epaiketa hasteko hamalau egun falta direnean ihes egin duelako. Santi Coca donostiar gaztea borroka baten ondoren hil zen, 2019an. 

EFE agentziak eskuratu duen autoaren arabera, Auzitegiko Lehen Sekzioak gazte hori "bilatu eta atxilotzeko" agindua eman die Ertzaintzari, Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari, behin-behineko askatasuna lortzeko baldintza gisa ezarri zioten betebeharra, justiziaren aurrean aldizka aurkezteko betebeharra, "betetzeari utzi" diolako.

Ustezko krimen horren bista martxoaren 3an hasiko da, epaimahaia izango du eta saioak bi astetan egitea espero da. 

Sei akusatuetako bakoitzarentzat hogei urteko kartzela-zigorra eskatu dute, bai Gipuzkoako Fiskaltzak, bai akusazio partikularrak (biktimaren familia).

Herri-akusazio gisa auzian pertsonatu den Donostiako Udalak hamabost urteko espetxe-zigorra eskatu du bost auzipeturentzat, eta hogeikoa orain ihes egin duenarentzat; izan ere, 17 urteko biktimak konortea galduta zuenean, "buruan ostikada bortitza" eman izana egozten dio.

Erasoa 2019ko apirilaren 26ko goizaldean gertatu zen, Donostiako erdiguneko diskoteka baten kanpoaldean. Ondoren, Coca oso larri eraman zuten Donostia Ospitalera, eta bi egun koman eman ondoren hil zen.