Gizartea
Nafarroa
Espetxera 8 urteko neskato bati sexu-erasoa egiteagatik abuztuan, Barañainen
Agentziak | EITB Media
Egindako identifikazio-saioan, nahiz eta denbora asko igaro den, adingabeak ikertua seinalatu du, "inolako zalantzarik gabe", epaileak ebazpen judizialean ziurtatu duenez.
Iruñeko instrukzio epaile batek behin-behineko espetxealdia ezarri dio gizon bati, Barañainen (Nafarroa) 8 urteko neskato bati abuztuan egindako sexu-erasoa egotzita.
Egindako identifikazio-saioan, nahiz eta denbora asko igaro den, adingabeak ikertua salatutako gertakarien egile gisa seinalatu du, "inolako zalantzarik gabe", epaileak ebazpen judizialean ziurtatu duenez.
Magistratuak 16 urtetik beherako adingabeari sexu-erasoa egitea egotzi dio espetxeratuari. Zigor Kodeak 10 eta 15 urte arteko espetxe-zigorra aurreikusten du.
Fiskalak gizona behin-behinean espetxeratzeko eskatu du, eta akusazio partikularrak eskaera horrekin bat egin du. Defentsa, berriz, aske uztearen alde agertu da.
Ebazpen judizialean (errekurritu egin daiteke), ordea, epaileak egokitzat jo du behin-behineko espetxealdia, ihes egiteko arrisku handia baitago. Inputatuak ez du bizileku finkorik, eta askotan aldatzen du.
Epaileak azaldu duenez, oso zaila izan da atxilotzea, eta horrek erakusten du ez dagoela gizartean errotuta. "Lanik ere ez du, gizarte-prestazio batetik bizi da", erantsi du.
Era berean, epaileak egokitzat jotzen du behin-behineko espetxealdia, ikertzen ari diren delituen larritasuna eta ezar daitezkeen zigorrak kontuan hartuta. Halaber, beharrezkoa da biktima babestea, bereziki zaurgarria, adin txikia delako, baita delitua errepikatzea saihesteko ere.
Biktimak adierazi duenez, haur-parke batean zegoela, ikertuak izozki batera gonbidatzen zuela esan zion. Hala, etxera eraman zuen, eta han sexu-erasoa egin zion. Ebazpenak jasotzen duenez, hil egingo zuela mehatxu egin zion, gertatutakoa norbaiti kontatzen bazion.
Espetxeratuak onartu du abuztuan Barañaingo etxebizitza batean bizi zela, baina ukatu egin du sexu-erasoa egin izana.