Itxi

Gizartea

Hondakinen kudeaketa

Aukera egokiena lortzeaz ziur da Alduntzin, kargua bidean utzita ere

Erredakzioa

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente izaten jarraitzeko aukera ez du baztertzen.

01:21
EAJk, PSEk eta PPk Alduntzinen kontrako mozioa aurkeztu dute

Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidenteak esan du erakunde horretako administrazio kontseilua agente guztiekin lanean ari dela Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ''irtenbiderik egokiena'' aurkitu ahal izateko.

Aukera egokiena lortzeaz ziur da, ''batzuok kargua bidean utziko badugu ere'', esan du, gaur bertan EAJk, PSEk eta PPk Gipuzkoako Ingurumen diputatu gisa bere kontra erregistratu duten zentsura-mozioaren harian.

Diputatuak ez du zentsura-mozioaren inguruko adierazpen gehiagorik egin nahi izan. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente izaten jarraitu ahal izateko aukerari buruz, bestalde, Alduntzinek azaldu du erakunde horretako zuzendaritza organoek hartu behar duten erabakia dela.

''Ez da pertsonala'', esan du. Alduntzinek argitu du ez dela Partzuergoko presidentea diputatua delako. ''Partzuergoko presidentea partzuergoak berak izendatzen du, eta ez Aldundiak'', azaldu du.

Alduntzinek gaitzetsi egin du PSEk hondakinen kudeaketaren inguruan duen jarrera, eta ''beraiek sortutako alarma egoera zabaltzen'' ari direla salatu du. ''Milioi askotako kontratuen inguruko erabakiak presaz eta azken orduan hartu zituzten, gehiengo berriak har zitzakeen erabakiak baldintzatuz eta kalte eginez'', esan du.

Hala ere, administrazio kontseilu berria enpresentzako, bankuentzako, udalentzako, mankomunitateentzako eta herritarrentzako irtenbiderik egokiena bilatzeko lanean ari dela berretsi du.

"Dudarik ez daukagu lortuko dugula, batzuok kargua bidean utziko badugu ere'', esan du.