Gizartea
Sendagaiak
Farmazietan gehien banatzen diren botikak
Mikel Dominguez | EITB Media
Gehien kontsumitzen diren printzipio aktiboen zerrendan, lehenengo biak parazetamola eta omeprazola daude. Ondoren, antsietatea eta depresio arina tratatzeko antsiolitiko bat dator.
Antsietatea tratatzeko sendagaiak dira farmazietan gehien ematen direnak, kolesterola kontrolatzen dutenekin eta arazo kardiobaskularrak tratatzen dituztenekin batera.
Euskal Autonomia Erkidegoan gehien kontsumitzen diren printzipio aktiboen zerrendari begiratuz gero, lehenengo bi postuetan parazetamola eta omeprazola ikusiko ditugu.
Gehien saldutako sendagaiak.
Lehenengoa analgesikorik ohikoena da. Min arrunta eta sukarra tratatzeko erabiltzen da. Askotan etxean izaten dugu, eta medikuaren errezetarik gabe hartzen dugu (kontzentrazio txikian ez dute errezetarik behar).
Bigarren printzipio aktiboa urdailaren "babesle" gisa erabiltzen da, nahiz eta ez duen ezertatik babesten. Omeprazolak HCI proteinaren jariaketa inhibitzen du, bihotzerrerik ez izateko, baina digestioan ondorioak eragin ditzake.
Biak kontsumitzen dira gehien: parazetamola erraz eskuratu daiteke, eta omeprazola beste medikamentu gehienekin batera errezetatzen da, digestio-aparatuan dituzten ondorioak arintzeko.
Baina bi horiek albo batera utzita, lorazepama ikusiko dugu goian. Antsietatea eta depresio arina tratatzeko erabiltzen den antsiolitikoa da; horixe da Orfidal markaren printzipio aktiboa. Gainera, antsietatea izateaz gain lo egin ezin dugunean, medikuak lormetazepama errezetatzea erabaki dezake. Hipnotiko eta lasaigarri hori zerrendako zazpigarren postuan agertzen da.
Lierni Mendiaraz farmazialariak azaldu duenez, sendagai gehienak adinekoek kontsumitzen dituzte, baina gazteen artean antsiolitikoak gehiago kontsumitzeko joera ere sumatzen da.
Hala ere, printzipio aktiboak ekoizteko eta banatzeko mundu mailako krisi baten ondorioz, sendagaiak ez dira normaltasunez iristen ari farmazietako apalategietara.