Itxi

Gizartea

ABORTUA

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du PPk Abortuaren Legearen aurka aurkeztutako helegitea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Erabakia PSOEren Gobernuak onartu eta 12 urtera hartu dute. Horrela, Auzitegi Konstituzionalak Zapateroren abortuaren legea babestu du.

  • Konstituzio Auzitegiaren kanpoko irudia. Artxiboko argazkia: EFE

    Konstituzio Auzitegiaren kanpoko irudia. Artxiboko argazkia: EFE

Ostegun honetan, Auzitegi Konstituzionalaren Osoko Bilkurak atzera bota du PPk aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, eta 2010ean Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernu sozialistak onartu zuen abortuaren egungo Legea baliozkotu du.

Enrique Arnaldo magistratuak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen emakumeari eman beharreko informazioari buruzko artikulu bat, baina Auzitegiko gehiengo aurrerakoiak baztertu egin du hori berriz aztertzea, eta behin betiko epaia Inmaculada Montalban magistratuak idaztea erabaki du.

2010eko Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren arabera, abortua librea da haurdunaldiaren 14. astera arte, eta 14. astetik 22. astera, amaren bizia edo osasuna arriskuan badaude edo fetuak anomaliaren bat badu.

PPren asmoa da helegite horrekin 2010eko "epeen sistema" indargabetzea eta 1985eko "baldintzen legea" berrezartzea. Horren arabera, abortua legez kanpokoa izango da, hiru kasutan salbu: emakumea bortxatu badute, bere osasun fisikoa edo psikologikoa arriskuan badago eta fetuak malformazioaren bat badu (22. astera arte). Malformazioei dagokien hirugarren kausa kanpoan uztearekin tematu da ministroa.