Gizartea
Diputatuen kongresua
Animaliak babesteko legea onartu dute Kongresuan Unidas Podemosi eta inbestidura bazkide batzuei esker
Agentziak | EITB Media
Besteak beste, EH Bilduk, ERCk eta CUPek alde bozkatu dute. PSOEk nahi zuen bezala, legeak ez ditu ehiza txakurrak babestuko. EAJk araudiaren kontra egin du, EAEko eskumenak urratzen dituela iritzita.
Animalien babesa, eskubideak eta ongizatea bermatzeko lege proiektua onartu dute gaur Diputatuen Kongresuan, PSOEren, Unidas Podemosen, EH Bilduren, ERCren eta CUPen aldeko botoei esker. Ehiza txakurrak babes esparrutik kanpo nahi zituen PSOEk, eta azken unera arte ez da argi egon gehiengo baten babesa izango zuen —koalizio morea bera kontra azaldu zen, ehiza txakurrak babestu behar zirela argudiatuta—. Azkenean, baina, inbestidura bazkide batzuek aldeko botoa eman dute, eta, beraz, aurrera atera da.
Eztabaidaren ondoren egindako bozketan, 174 aldeko boto izan dira, 167 diputatuk kontra bozkatu dute eta 7k abstentziora jo dute.
Goizean zehar taldeen ordezkariek boto-asmoa jakinarazteko egindako agerraldietan, Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatuak iragarri du alde bozkatuko zutela, "lotsaren zuzenketa" (ehiza txakurren salbuespena erantsi duena) gorabehera, legea "ona" dela eta "aurrerapauso asko" jaso dituela argudiatuta. Are gehiago, gainerako taldeei araua babesteko eskatu die. "Kontra bozkatuko dutenek jakingo dute nola tratatzen dituzten animaliak", gaineratu du.
Ildo beretik mintzatu da Joan Capdevila (ERC). Ehiza txakurren afera kritikatu du, baina azpimarratu du errepublikanoek berdin-berdin babestuko dutela: "Gugatik ez da izango". Horren esanetan, "deitoragarria da sozialistak ehizaren lobbya menderatzeko gai ez izatea, eta bai, ordea, banku eta petrolio enpresak, zerga ezartzeko orduan".
Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak ere aldeko botoa iragarri du, ehiza txakurren salbuespena ulergaitza zaien arren. "Legea animalia guztientzat berdina izatea nahiko genuke, eta horrela izan dadin lan egiten jarraituko dugu. Aurrerapausoa emango dugu gaur, txikia bada ere", azaldu du.
CUPek "bai" bozkatuko duela esan du Albert Botran kideak, ehiza txakurrak babestu ez, baina legeak gainerako animalien eskubideak bermatzeko balioko duela iritzita.
Kontra azaldu dira, bestalde, Vox, PP, EAJ, Mas Pais-Berdeak Equo eta PdCat. Jeltzaleen ustez, legeak EAEren eskuduntzak urratzen ditu. Joseba Agirretxea diputatuak kritikatu duenez, "Espainiako Gobernua ez da gai izan arlo hori arautzen duen eskuduntza zein den azaltzeko".
¿¿ El Grupo Vasco vota en contra de la Ley de #BienestarAnimal y denuncia que "invade de forma incontestable las #competencias de la CAV".
— EAJ-PNV Kongresua (@EAJPNV_Congreso) February 9, 2023
¿ Joseba Agirretxea: "El Gobierno español ha sido incapaz de explicarnos cuál es el título competencial por el que regula esta materia". pic.twitter.com/dHDif4yfa9