Itxi

Gizartea

Hondakinen kudeaketa

EAJk, PSEk eta PPk Alduntzinen kontrako mozioa erregistratu dute

Erredakzioa

Zentsura-mozioa datorren uztailaren 6ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute, eta onartuko denez, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak diputatu berri bat izendatu beharko du.

  • Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurugiro diputatua.

    Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurugiro diputatua. Argazkia: Efe

Gipuzkoako EAJk, PSEk eta PPk Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren kontrako zentsura-mozioa erregistratu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Zentsura-mozioaren bidez, Bilduren gobernuak hondakinen kudeaketarako eredua "inposatu" egin duela salatu dute. Mozioa aurkeztea erabaki "sendoa" dela onartu eta Bilduren jarreran aldaketa eragitea espero dutela adierazi dute.

Zentsura-mozioa datorren uztailaren 6ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute, eta onartuko denez, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak diputatu berri bat izendatu beharko du.

Mozioa erregistratu ondoren, EAJko, PSEko eta PPko ordezkariek hedabideen aurrean hitz egin dute.

Markel Olanoren (EAJ) hitzetan, gaur egindakoa ez da batere atsegina, mozio bat aurkezteak "oihartzun handia" duelako, izan ere, horrelako erabaki bat "gogorra" delako eta Gipuzkoako Parlamentuan aurrekaririk ez duelako.

"Arduragabekeria galanta"
Rafaela Romerok (PSE), bestalde, Alduntzinen "arduragabekeria politiko galanta" kritikatu du. Alduntzinekin Gipuzkoak "denbora luzea" galdu duela gaineratu du, eta, ondrioz, Ahaldun nagusiari "arduraz" jokatzeko eskatu behar zaiola azpimarratu du.

Juan Carlos Cano PPk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramailearen esanetan, berriz, Bilduk hondakinen kudeaketan agertutako jarrera koalizioak inposaketarako duen joera erakusten du, Batzarretako prozedura demokratikoa "oztopatu" dutelako.

Ausarkeria juridiko eta ekonomikoa
Erregistratutako mozioan, EAJk, PSEk eta PPk gogor kritikatu dute Alduntzinen lana, "ziurgabetasun politikoan eta ausarkeria juridiko eta ekonomikoan" oinarrituta dagoelako. Jarrera horren ondorio gisa, erraustegia finantzatzeko "87 milioiko diru-laguntzaren galera" aipatu dute.

Horrez gain eta Gipuzkoako Hondakinen Patzuergoan ordezkaria den aldetik, "aldebakarreko" erabakiak hartu izana leporatu diote Alduntzini, "Batzarren gehiengoaren iritzia alde batera utzita".