Gizartea
andaluzia
Terrorismoagatik espetxeratu dute Algecirasko bi elizatan erasoa egin zuen gizona
agentziak | eitb media
Auzitegi Nazionalak helburu terroristak dituzten hilketak eta lesioak egozten dizkio atxilotuari, eta horrek espetxealdi iraunkor berrikusgarria ekar lezake.
-
Erasoa izan zen ingurua, hesituta, iragan asteazkenean. Artxiboko argazkia: EFE
Joaquin Gadea Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu du Yassine Kanjaarentzat, terrorismo delituengatik. Joan den asteazkenean atxilotu zuten Yassine Kanjaa, sakristau bat hil eta lau pertsona zauritzeagatik, tartean apaiz bat. Matxete batekin eraso egin zien Algecirasko (Cadiz) bi elizatan, "kristauei heriotza" eta "Ala handia da" oihukatuz.
Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegi Zentraleko errefortzu magistratuak, Fiskaltzak eskatuta erabaki hori hartu duenak, Kanjaari erailketa eta helburu terroristadun lesio delituak egotzi dizkio, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ekar dezaketenak.
Gadearen ustez, bildutako zantzuen arabera, Kanjaak garatutako jarduera eraso jihadistatzat jo daiteke; bai Eliza Katolikoaren fedea duten apaizen aurka, bai ikertuarentzat Koranaren aginduak betetzen ez dituzten musulmanen aurka.
25 urteko atxilotua ia bi orduz egon da epailearen aurrean astelehen honetan, eta Emilio Miro fiskalaren eta haren abokatuaren galderei erantzun die, baina oraingoz ez dute deklarazioaren berri eman, auzia sekretupean dagoelako.