Itxi

Gizartea

Natibo digitalak

EAEko gazteriaren ia % 70ek euren iragan digital guztia ezabatu nahiko lukete

EITB Media

18-30 urteko 1.000 bat pertsonari egindako inkestaren arabera, gehiengo zabal batek izua dio deskonektatzeari eta % 60k aitortu du, bizitza digitala tarteko, egunero neke mentala/fisikoa edo antsietatea sentitzen duela.

  • Gazte bat, sakelakoari begira.

    Gazteek sakelakoekiko menpekotasun handia dute, ikerketaren arabera. Argazkia: Pixabay

Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen % 69k euren iragan digital guztia ezabatu nahiko lukete, eta gehiengo zabal batek (% 85) ikara dio deskonektatzeari. 18 eta 30 urte arteko 1.000 bat gazteri galdetuta atera dituzte ondoriook. Inkesta BBK Kunak egin du, "The Future Game" ekimenaren barruan. 

"Gazteak eta Humanismo Digitala Euskadin" izena jarri diote galdeketari, eta horren emaitza nagusiak prentsaurrekoan azaldu ditu Braulio Gomez inkestaren arduradun, Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasle eta Deustobarometroko zuzendariak. 

Azaldu duenez, gaur egungo gazteentzat internet eta teknologia "ezinbestekoak" dira euren harremanei eta bizimoduari eusteko. Mundu digitala amatatzea izua eragiten die, eta galdetutakoen % 85ek ezingo lukete sakeleko telefonoa hegazkin moduan jarri denbora luzez. Gainera, hirutik lauk uste dute euren bizimodua okerragoa izango litzateke internet desagertuko balitz. Are gehiago, erdiak baino uste du, sare sozialetatik ateraz gero, jende berria ezagutzeko aukera edo hain intimoak ez diren harremanekiko kontaktua galduko lukeela.

Dena dela, bizitza digitalak menpekotasuna eragiten diela jakin badakite gazteek. Itaundutakoen % 60k egunero sentitzen dute neke mentala/fisikoa edo antsietatea. 10 lagunetik bostek uste dute gailu digitaletan igarotako denbora euren bizitza errealari lapurtutako denbora dela

Era berean, teknologiak dituen arriskuak ondo ezagutzen dituzte. Gehienek nabarmendu dutenez, nortasuna ordezkatu, iraindu eta lapurtzeko aukerak handiagoak dira mundu digitalean fisikoan baino. 

Inkesta egitearekin batera, "The Future Game" ekimena sustatu du BBK Kunak, DOT diseinuaren alorreko kooperatibarekin eta Badalab hizkuntza eta berrikuntzarako laborategiarekin lankidetzan. 18-26 urteko 12 gazte 21 egunez proban jarri dituzte, erabat digitalizatutako munduan bizitzearen inplikazioak ulertzeko eta gizakiaren eta teknologiaren arteko interakzioen etorkizuna irudikatzeko. Esperientzia 21 klip laburretan bildu, eta orain sare sozialen bidez partekatuko dituzte.