Itxi

Gizartea

Auzitegiak

30.000 euro eman beharko dizkio Eroskik Cifuentesi, ustez kremak lapurtzen azaltzen zen bideoa zabaltzeagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Irudi horiek zabaldu zirenean, dimisioa eman zuen garai hartan Madrilgo Erkidegoko presidente zenak, besteak beste, Juan Carlos Erregea Unibertsitatean egindako masterrarekin lotuta piztutako polemikak bultzatuta. Eroskik dagoeneko iragarri du helegitea aurkeztuko duela epaiaren aurka.

  • Cristina Cifuentes. Argazkia: EFE

    Cristina Cifuentes. Argazkia: EFE

Madrilgo Lurralde Auzitegiak arrazoia eman dio Cristina Cifuentesi Eroskiren aurka ezarritako salaketaren harira. Izan ere, 2018ko apirilaren 18an emandako dimisioa bultzatu zuten irudiek -ustez, kremak lapurtzen azaltzen zen- Cifuentesen intimitate eskubidea urratzen zutela iritzi diote epaileek.

Bestalde, Eroskik dagoeneko iragarri du helegitea aurkeztuko duela Madrilgo Auzitegiaren epaiaren aurka, banaketa enpresako iturriek jakitera eman dutenez. Iturri berberek zehaztu dutenez, enpresak helegitea aurkeztuko du Lurralde-auzitegiaren erabakiaren aurka Auzitegi Gorenean, eta bertan kasazio-errekurtsoa jarriko du arau-hauste prozesalagatik.

Modu horretan, arrazoia ematen diote, nolabait, garai hartan Madrilgo Erkidegoko presidente zenari, kalte ordaina ematera zigortu baitute Eroski, "grabazioa babestu eta ezabatu ez zuelako".

Esan bezala, irudi horiek zabaldu zirenean, eta 2011-2012 ikasturtean Juan Carlos Erregearen Unibertsitatean egin omen zuen masterra legezkoa ote zen eztabaidagai zela, kargua uzteko erabakia hartu zuen Cifuentesek.

Alabaina, auzitegiak 450.000 eurotik 30.000ra txikitu du Cifuentesek berak eskatutako kalte ordaina.

Gauzak horrela, segurtasun grabazioak jasotzen dituen denda edo erakunde orok ezingo ditu irudiak zabaldu, eta 30 eguneko epean ezabatu beharko ditu, betiere, salaketa baterako erabili behar ez baditu.